Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Berriztagarrien harira, Otegiren esanetan, EH Bildun "ez dago aldaketarik"; Jaurlaritzan bai, ordea

EH Bilduren koordinatzaile nagusiak salatu duenez, Arantxa Tapia sailburuak esan zuen Euskaltel saldu zutenean enpresa publikoak izatea "komunista" izatea zela, eta orain energia konpainia publiko bat nahi du.

Arnaldo Otegi. Argazkia: EITB Media
Arnaldo Otegi.
Arnaldo Otegi, energia berriztagarrien inguruan: ''Jaurlaritza da jarrera aldatu duena''

1:56

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia irmo mintzatu da Statkraft enpresa norvegiarrak Gipuzkoan eraiki nahi dituen bi parke eolikoen, eta horren kontura, ustez koalizio abertzaleak izan duen aldaketaren harira: "EH Bildun ez dago aldaketarik". Aldatu dena, horren ustez, Jaurlaritza da: "ez ditu etxeko lanak egin, zezenak harrapatu du, eta orain guk jarrera aldatu dugula sinestarazi nahi du". Otegik nabarmendu duenez, jeltzaleek "nuklearren alde egin zuten, gero gasaren alde, ondoren frackinga, eta orain, berriztagarriak".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan eskainitako elkarrizketan, eredu norvegiarra defendatu du Otegik. "% 100ean publikoa da, kode etiko sendoa du, ez du arazorik parkeak publikoak izateko eta inguruko herritarrek onurak izatearen alde dago", azaldu du. Erantsi duenez, "konpainia horrek energia ekoizten du eta inguruan saltzen du arrazoizko prezio batean". Horri kontrajarriz, bada beste eredu bat, "Energiaren Euskal Erakundeak, EAJk, Iberdrolak eta El Correo egunkariak defendatzen dutena", eta da "oligopolio bat egotea energia ekoizten eta garesti saltzen". Horren hitzetan, "geure eredua jendearena da".

Gogorarazi duenez, "Jaurlaritzak Euskaltel saldu zuenean Tapiak esan zuen ezin genituela enpresa publikoak eduki, hori komunisten kontua zela. Bada, orain Tapiak dio gustatuko litzaiokeela horrelako konpainia bat izatea. Tapia komunista egin zaigu, eta hori zalantzan jartzen dut, ala hemen zerbait aldatu da". 

Ildo horretan, azaldu du prozesua "hasi berri" dela, eta "eztabaida serio eta lasaia" behar dela. Hori horrela, argitu du udalek asanbladak egingo dituztela eta enpresak bere asmoak azalduko dituela, euskaraz; "horretan ere ezberdinak dira norvegiarrak", gaineratu du. Otegiren ahotan, "azkenean, jendeak erabakiko du". Azkenik, aipatu du Elgoibarren (Gipuzkoa) bi parke eoliko altxatzeko proiektua dagoela eta EAJk ezetz bozkatu duela: "Zergatik egin duen? Bada esango nuke udal hauteskundeak gertu daudelako".  

Bestalde, Jaurlaritzak argitaratu berri duen hezkuntza legearen zirriborroa hizpide eta Elkarrekin Podemosek egin dizkion kritiken aurrean, Otegik nabarmendu du ordezkari politikoak ez dutela "zertan erretxindu", izan ere, "zirriborro bat" baino ez da, oraindik izapidetzen hasi ez dena. "EH Bilduk uste du hezkuntza ituna ona izan zela, euskal eredu nazional baten oinarriak ezartzen dituen aldetik (...) Gu leialak izango gatzaizkio horri", azpimarratu du. 

Azkenik, EH Bilduk Donostiako alkategairik edo Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagairik ote duen galdetuta, erantzun du barne hauteskundeen bidez erabakitzen direla, eta, prozesuari "errespetua" zor dion arren, azpimarratu du eurek badutela "ideia bat nortzuk izan daitezkeen hautagai egokienak". Horren harira, iragarpena egin du: "Nahiko argi dugu Gipuzkoako hurrengo ahaldun nagusiaz (emakumea) eta Donostiako hurrengo alkateaz (gizona) ari garela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika PNV-EAJ Hezkuntza legea berriak Eusko Jaurlaritza albisteak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Ingurumena Udal eta foru hauteskundeak 2023 Eguzki energia Energia kontsumoa