Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Banketxeei ezartzekoa zaien zergaren figura juridikoak bidea "zailduko" die EAEko ogasunei, Estebanen ustez
EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua zerga hori euskal ogasunek biltzeko aukera aztertzen ari dira: "Gobernuaren aldetik borondatea badago, bidera genezake". Transferentzien harira ere, "hurrengo hilabeteetan aurrerapausoren bat" emango dela dio.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen aburuz, banketxeei eta energia enpresei ezartzekoa zaien zerga berezi hori izapidetzeko Espainiako Gobernuak aukeratu duen figura juridikoak "zaildu" egingo du kontzertazioa, hots, diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ogasunek biltzea.
Diputatuen Kongresuak zerga hori izapidetzea onartu zuen atzo, besteak beste, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Dena dela, bi indarrak kritiko azaldu ziren, uste baitute proposamenak, dagoen horretan, EAEko ogasunen eskumenak urra ditzakeela (zerga bilketa ogasunek egiten dute eta), eta testuan hori argi uzteko eskatu zuten.
Hain justu, Espainiako Gobernuak zerga izapidetzeko erabilitako figura juridikoak —zergazkoa ez den ondare prestazioa— "kontzertaziorako aukera zailtzen" duela ohartarazi du Estebanek Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. "Juridikoki, eta balizko errekurtso baten aurrean, bere burua babestuago izateko egin dute, baina kontzertaziorako gauzak zailtzen ditu", nabarmendu du. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak hori aldatzeko "borondatea" baduela uste du Estebanek, eta beraz, "bidera" dezakeela. Hain justu, bi gobernuak hasiak dira auzia aztertzen. Horren iritzian, "oso argi utzi beharko da, teknikoki ukitu batzuk egin beharko dizkiogu proposamenari eta zain egon beharko gara Europak dioenari ere".
"Findu" beharreko bestea da, Estebanen irudirako, konpainia horiei ezarriko zaien gainkarga hori ez dutela azkenean bezeroek ordainduko, baita zerga hori ezohiko mozkinen gainean egingo duten ere. Izan ere, diputatu jeltzaleak uste du Espainiako Gobernuak "efektu kolpe legez" eta "presaka" egin zuela proposamena, "inkestak oso txarrak zirenean", eta horren ondorio dira gerora azaldu diren gainerako zalantzak.
EAEri transferitzeko geratzen diren eskumenei buruz galdetuta, "itxaropentsu" agertu da Esteban, "ez egutegia betetzeko, baina bai aurrerapausoren bat egiteko", eta epea ere iragarri du: "abendura arte edo asko jota, urtarril-otsailera arte; hurrengo hilabeteetan izango dela pentsatzen dut". Anduezak (PSE-EE) egindako adierazpenen harira, "lotsagarria iruditzen zait garrantzi bakoak direla esatea. Ez al dute esaten legea bete behar dela? Bada, bete bedi. Garrantzia duten ala ez, berdin dio, legea da eta", gaineratu du.
Feijooren aroaz mintzatu da EAJko diputatua. Argitu duenez, "ez da egon deirik PPren aldetik, eta guk ere ez dugu interes berezirik Feijoorekin biltzeko. Espekulazio hutsa da dena".
Azkenik, Auzitegi Konstituzionala berritzeko dagoen blokeoari buruz, esan du bere alderdiak ez duela "zerikusirik izan nahi lotsabakoen saltsa horrekin". Horren esanetan, "interes politikoak eta interes pertsonalak" daude auziaren atzean; "eurek konpondu dezatela".