Politika -

2022ko diada eguna

Milaka pertsona atera dira Bartzelonan independentziaren alde, ANCk deituta eta ERCko goi-kargurik gabe

ANCren arabera, 700.000 pertsona bertaratu dira manifestaziora. Bartzelonako Udaltzaingoak, berriz, 150.000 manifestari izan direla esan du.

Independentziaren aldeko manifestazioa, igande honetan Bartzelonan. Argazkia: EFE
Independentziaren aldeko manifestazioa, igande honetan Bartzelonan. Argazkia: EFE
Milaka lagun elkartu dira Diadako mobilizazio nagusian, Bartzelonan

01:52

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona elkartu dira igande honetan Bartzelonako Paral·lel etorbidean, irailaren 11ko Diada eguna dela, eta ANCk deitutako independentziaren aldeko manifestazioan parte hartzeko. Hala ere, ERC alderdiko aurpegirik ezagunenen falta esanguratsua izan da.

ANCren arabera, 700.000 pertsona bertaratu dira manifestaziora. Bartzelonako Udaltzaingoak, berriz, 150.000 manifestari izan direla esan du.

Manifestazioa 17:14an abiatu da Paral·lel etorbidetik, eta Frantziako Geltokian amaitu da. Independentismoaren mobilizatzeko gaitasuna probatu behar izan du martxak, mugimenduaren zatiketa une handi batean, ANC eta ERCren arteko talkaren ostean. Izan ere, aurrekaririk gabeko erabakia hartu du azken horrek: taldea ez da manifestaziora bertaratuko, Pere Aragonesen Gobernuaren elkarrizketa estrategiarekin kritiko azaldu baita.

Aurretik iragarrita zeuden hutsegiteez gain (Pere Aragones kataluniar presidentearena eta ERC taldeko aholkulariena), Oriol Junqueras, Marta Vilalta eta pisuzko agintari gehiago ere falta izan dira. Hala, Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohia izango da alderdiko aurpegi ezagun gutxienetako bat martxa horretan.

Jovent Republica taldeak ere, ERCko gazteriak alegia, ANCren manifestazioarekin bat egingo du Frantziako Geltoki parean. Dena den, erakunde horretako iturriek nabarmendu dute ados daudela euren alderdiak deialdiari buruz egindako balorazioarekin.

Era berean, bertan izan dira JxCat alderdiko lehen lerroko zenbait kide ere; Jordi Turull idazkari nagusia, Laura Borras presidentea eta Jordi Puignero edo Jaume Giro bezalako aholkulariak, Xavier Trias Bartzelonako alkate ohiarekin batera.

"Tornem-hi per vèncer. Independència" (Itzul gaitezen garaitzeko. Independentzia) du lelotzat aurtengo mobilizazioak. Indarra galduz joan da azken urteotan, baina bada adierazle bat aurtengo zifra 2021ekora hurbildu litekeela edo gainditu ere egin lezakeela iradokitzen duena: ANCren arabera, 240 autobus prestatu dituzte Kataluniako hainbat puntutatik manifestariak ekartzeko.

Arratsaldeko 18:30ean, martxaren amaierarekin batera, ekitaldi politikoa egin dute Frantziako Geltoki pareko agertokian. Dolors Feliu ANCko presidenteak, Xavier Antich Omnium Culturaleko presidenteak eta Jordi Gaseni Independentziaren Aldeko Udalerrien presidenteak hartu dute hitza.

Igande goizaldean abiatu dira irailaren 11ko Diada eguneko ekitaldiak Bartzelonan, eta gaur goizean jarraitu dute, Rafael Casanovaren omenezko monumentu parean egiten den ohiko lore eskaintzarekin. Bertan, ERCren ordezkaritza txistu artean eta 'kanpora' edo 'traidoreak' zioten oihu artean jaso dute.

"Independentzia edo hauteskundeak"

Manifestazioaren amaieran, Dolors Feliu Assemblea Nacional Catalanako presidenteak independentzia ezartzeko edo hauteskundeak berehala deitzeko erronka luzatu die Pere Aragonesen Gobernuari eta alderdi independentistei. Ohartarazi duenez, bere erakundeak independentziaren aldeko "zerrenda hiritar" bat bultzatuko du.

"Parlamentuaren % 52ak independentistatzat jotzen du bere burua, beraz, aukerak argiak dira. Independentzia edo hauteskundeak deitzea. Independentzia edo hauteskundeak!", esan du ANCko buruak. Gainera, kritikatu egin ditu "inor engainatzen ez duten elkarrizketa faltsuak", eta abisatu du: "alderdiek ez badute independentzia egin nahi, gure gain dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Diada argazkiak Politika albisteak Bartzelona albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès bideoak ERC Kataluniako Generalitatearen albisteak JxCat azken ordua