Politika -

Eusko Alkartasuna

Gasteizko epaitegi batek berretsi du EAko primarioak errepikatu behar direla

Sektore kritikoko Maiorga Ramirezen hautagaitza bertan behera utzi ostean, Eba Blanco hautatu zuten idazkari nagusi; auto batek, baina, primarioak errepikatzea agindu zuen. Ebazpen horren aurkako helegitea zuen jarrita Blancok, baina orain epaitegiak atzera bota du.

Pello Urizarrek Eba Blanco zoriondu zuen, otsailean. Argazkia: EFE.
Pello Urizarrek Eba Blanco zoriondu zuen, otsailean
Pello Urizarrek Eba Blanco zoriondu zuen, otsailean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAko sektore kritikoko Maiorga Ramirezen hautagaitza bertan behera utzita, Eba Blanco hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi, otsailean; auto batek, baina, primarioak errepikatzea agindu zuen. Ebazpen horren aurkako azken helegitea zuen jarrita Blancok, baina orain Gasteizko epaitegi batek atzera bota du errekurtsoa.

Hala, Gasteizko Lehen Instantziako 7. Epaitegiak Eusko Alkartasunak aurkeztutako helegitea gaitzetsi du. Martxoan, auto batek agindu zion alderdiko Zuzendaritzari errepikatu behar zituztela, 15 eguneko epean, Ramirezen hautagaitza bertan behera utzi zuten primarioak, azken horren eskubideak urratu zituztelakoan.

Blancok, martxoan, errekurtsoa jarri zuen, auto horren aurrean, eta maiatzean epaitegiak atzera bota zuen hori. Sektore ofizialak, baina, azken helegite bat jarri zuen, eta hori ere errefusatu dute, irailaren 2ko data duen auto batean.

Epaitegiak, beraz, berriro ere ez ditu onartu Blancoren sektorearen nahiak, "eta, beste behin, primarioak egitea agintzen du, eta alderdiari prozesu-kostuetan zigortu egiten du", nabarmendu du Maiorga Ramirezek ohar batean. Ramirezen iritziz, erabakia "albiste ona da, demokraziarentzat, EArentzat eta EH Bildurentzat".

Bi sektoreen arteko gatazka 2017tik dago enkistatuta, EAk EH Bildu koalizioan egin beharreko paperagatik. Azken urteotan, baina, larritu egin da, arazoa judizializatuta. Kritikoek eskatzen dute EAren profila EH Bilduren barnean handiagoa izan beharko litzatekeela.

Zuzendaritza Nazionala: "Ez da behin betikoa"

Autoa aztertuta, Eusko Alkartasuneko Zuzendaritza Nazionalak jakitera eman du bilera egingo dutela, balorazioa egiteko. Dena dela, argitu dutenez, "autoaren aurka errekurtsorik jarri ezin dela adierazi arren, argitu behar da horrek ez duela esan nahi behin betikoa denik. Errekurtso berezia jar daiteke, kasu honetan babes eskeko errekurtsoa Auzitegi Konstituzionalean".

"Gogoratu behar da Arabako Probintzia Auzitegiaren epai baten behin-behineko egikaritzea dela, eta jada epai hori Auzitegi Gorenean errekurrituta dagoela. Zuzendaritza Nazionalak afiliatu guztien eskubideak eta alderdiak berak bere burua antolatzeko duen eskubidea defendatuko ditu. Eusko Alkartasunaren afiliatuei dagokie idazkari nagusia aukeratzeko formula demokratiko egokia erabakitzea, eta ez alderditik kanpoko erakundeei", adierazi dute.

Kritikoek diote "parte hartzeko, gardentasuna nagusi izateko eta demokraziarako garaia" dela

Sektore kritikoak, ohar batean, adierazi du Eba Blancoren Zuzendaritza Nazionalak, "demokrazia zuzeneko jardute bat saihestu nahirik", alegia, afiliatuek boto bana eman ez zezaten, "2022ko otsailean, Kongresua egin zuen, eta horretan afiliatuei izendapenen eta erabaki politikoen aurrean parte hartzeko aukera ematen zieten baliabideak kendu zituzten Estatutuetatik", hauteskunde primarioak eta Lurralde Batzarrak kasu. "Kongresu hori, hainbat afiliatuk parte hartzeko aukerarik ez zutela frogatuta, epaitegiek bertan behera utzi zuten, ekainean".

Eba Blancoren Zuzendaritzak, halaber, alderditik kanporatu zuen Maiorga Ramirez barneko arerioa, bai eta afiliatuek zuzenean hautatutako lurralde-ordezkariak; hori, nahiz eta begi-bistakoa zen, zenbait epaik babestuta, afiliatuen eskubideak urratuak izan zirela, Zuzendaritzak berak urratuta".

"Azken batean, parte hartzeko, gardentasuna nagusi izateko eta demokraziarako garaia da. Alkartetxeetan hautestontziak jarri behar dira, afiliatuek berriro ere izan dezaten alderdian lehen eta azken hitza. Urte politiko berri honetan, erabat beharrezkoa da euskal sozialdemokraziak ekarpena egitea, herritarren eskubide sozialen alde egiteko", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EA Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak