Politika -
gernikako estatutua
Patxi Lopezek esan du Espainiako Gobernuak negoziatzeko prest jarraitzen duela, Estatutua osatzeko
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren hitzen ostean iritsi dira adierazpenok. Horren arabera, "geratzen diren transferentzia bakan batzuek oso txertatze zaila dute", eta horrek "prozedura zailtzen du".
agentziak | eitb media
Patxi Lopez Diputatuen Kongresuko Talde Parlamentario Sozialistako bozeramaileak baietsi duenez, Pedro Sanchezen Gobernua "hitz egiten eta negoziatzen" jarraitzeko prest dago oraindik, Gernikako Estatutua osatzeko.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, Euskadirentzako transferentzia prozesua izan du hizpide Patxi Lopezek. Iñigo Urkullu lehendakariak aurrerapenak eskatu zizkion Sanchezen Gobernuari, eta nabarmendu zuen irailak "hilabete aproposa" behar lukeela eskuduntzen lekualdatzea ixten saiatzeko.
Hala, Patxi Lopezek baieztatu du Gobernua, "lehen unetik, mahaian eseri" dela "aldebiko bileretan", eta EAEri transferentziak egin izan zaizkiola jadanik.
"Prest gaude hitz egiten eta negoziatzen jarraitzeko, Estatutua osatzeko", gaineratu du. Patxi Lopezek esan du ez daukala izan litekeenaren "egutegirik", eta nabarmendu du "akordioak ixtea" dela kontua, "mahaian eseritzea, hitz egiten hastea, negoziatzea eta adostea".
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren hitzen ostean iritsi dira adierazpenok. Horren arabera, "geratzen diren transferentzia bakan batzuek oso txertatze zaila dute", eta horrek "prozedura zailtzen du".
Itxasok Deia egunkarian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren nahia da "EAEko autogobernuan aurrera egitea", eta bere "lehentasuna" da "berme juridiko handienarekin" egitea. Hartara, horrek "lan teknikoa eskatzen du, gobernuen arteko lasaitasun eta elkarrekiko leialtasun giroan eman beharrekoa".