Politika -
Euskal diaspora
Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna Donibane Garazin ospatuko dute, irailaren 8an
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteak hartuko dute parte ekitaldi instituzionalean. Ospakizunak munduko hainbat tokitan izango dira, tartean Argentinan, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herria batzen duen Euskal Hirigune Elkargoak Donibane Garazin ospatuko dute, datorren irailaren 8an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna.
Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Joseba Erremundeguy Euskal Hirigune Elkargoaren Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko Lankidetzarako kontseilari ordezkariak eta Laurent Inchauspe Donibane Garaziko
Bosgarren urtez jarraian, bi erakundeek elkarlanean antolatuko dute Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna, "kanpoan bizi diren Pirinioetako bi aldeetako euskaldunak batzen dituen errealitate kulturala aitortzeko" eta "euskal emigrazioak izan duen eta duen garrantzia ezagutarazteko" asmoz.
Donibane Garaziko ekitaldiaz gain, munduko Euskal Etxeetan ekintzak antolatzen ari direla jakinarazi dute. Besteak beste, Argentinan, Belgikan, Kanadan, Txilen, Kolonbian, Ameriketako Estatu Batuetan, Espainian, Frantzian, Perun, Erresuma Batuan edo Uruguain izango dira ekitaldiak.
Ekitaldi instituzionala Donibane Garaziko Merkatu Estalian egingo dute, arratsaldeko 18:00etan, eta bertan izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidentea, beste hainbat ordezkari politikorekin batera.
Era berean, euskal diasporarekin harreman zuzena duten familiak, kulturako, akademiako, politikako, gizarte-erakundeetako eta abarretako jendea eta ekitaldiarekin bat egin nahi duten herritar guztiak bilduko direla espero da.