Politika -

IKASTURTE POLITIKO BERRIA

Lehendakariak dio Euskadin badirela oinarri sendoak kurtso berriari aurre egiteko, zaila aurreikusi badu ere

Miramar Jauregian eman diote hasiera Jaurlaritzako sailburuek ikasturte politiko berriari, eta Iñigo Urkulluk nabarmendu du Euskadik "etxerako lanak" egin dituela, eta "ekintzatik" erantzun duela, Eusko Jaurlaritzak egin duen Kontingentzia Energetikoaren Planari erreferentzia eginez.

Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera eman dio Miramar Jauregian ikasturte politiko berriari
Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera eman dio Miramar Jauregian ikasturte politiko berriari
Iñigo Urkullu: ''Udazken eta negu zailak ditugu aurretik''

0:36

A. S | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ostegun honetan eman dio hasiera ikasturte politiko berriari Donostiako Miramar Jauregian. "Udazken eta negu zailak ditugu aurretik. Hori da errealitatea", adierazi du lehen Gobernu Kontseiluaren ostean emandako hitzaldian.

Legegintzaldia hasi zenetik bi urte igarota, "ekuatorean" daudela gogorarazi du lehendakariak, eta azpimarratu du lehenengo legegintzaldia pandemiak markatuta egon zen bitartean, bigarren hau Ukrainako krisiaren eraginpean egingo dela.

Hala ere, eta "ekaitza gainditu behar dugula" onartu ondotik, Urkulluk esan du Euskadin "oinarri sendoak" ditugula ikasturteari aurre egiteko. "Etxerako lanak egin ditugu eta ekintzatik erantzun dugu", adierazi du, Euskadik kontingentzia neurriak martxan jartzeko egin duen plan propioaren harira.

Lehendakariak krisi energetikoa "Euskadin trantsizio energetikoa bultzatzeko aukera" gisa ikusten du, Europako eta Estatuko jarraibideei erantzuten baitie, inbertsio neurriak, zerga sistema, araudi berria, zuzeneko laguntzak eta ohitura aldaketak kontuan hartuta.

Halaber, Euskadiko ekonomia eta enplegu datuak bide onetik doazela nabarmendu du. "Bigarren hiruhilekoan langabezia tasa % 8,5era jaitsi da, 2009tik izan den txikiena", gogorarazi du, eta azpimarratu du EAEko ekonomia % 4,3 hazi dela bigarren hiruhilekoan.

"Autogobernu gehiago eta hobea"

Lehendakariak aitortu du "kezkatuta" dagoela Euskadiko autogobernuarekin, eta berriro esan du "harriduraz" entzun zituela Sanchezen hitzak Kongresuan, Espainiako Gobernuak transferitu gabe dituen eskumen batzuk "transferiezinak" direla esan zuenean. "Espainiako Gobernuak bere hitza betetzea nahi dugu. Ez da Jaurlaritzaren kontu bat, gizartearena den Estatutua betetzea baizik ", adierazi du. Hala ere, Estatutua osorik betetzeko bidean aurrerapauso gutxi ikusi arren, lehendakariak uste du "borondatea badago akordioa legegintzaldi honetan posible dela".

Urkulluk berriro kritikatu du Sanchezen Gobernuak euskal autogobernuaren inguruan duen jarrera
Urkulluk berriro kritikatu du Sanchezen Gobernuak euskal autogobernuaren inguruan duen jarrera
Urkulluk berriro kritikatu du Sanchezen Gobernuak euskal autogobernuaren inguruan duen jarrera

1:00

Nolanahi ere, Auzitegi Konstituzionalean ebazteke dauden hainbat prozesu irekita daudela gogoratu du. "Estatuak edo alderdi politikoek Kongresuan edo Senatuan jarritako prozesuak dira, baita justizia auzitegi arruntek planteatutako konstituzio-kontrakotasuneko gaiak ere", esan du.

Gainera, adierazi du une honetan mahai gainean sei gai daudela, Estatuak 2020ko urrian bidalitako kronogramari dagozkionak (aldiriko trenbidea; meteorologia; zinematografia babesteko funtsa; itsasertzaren kudeaketa; migrazioa; eta itsas salbamendua), eta aurrera egin ahal izateko batean bakarrik ireki dela elkarrizketaren bidea, trenbideari dagokiona. Beste bost gaiei dagokionez, akordio proposamenak bidali dituzte, "baina Espainiako Gobernuak ez du aldebiko lantalderik deitu", gaineratu du.

Halaber, adierazi du Estatuak "bideragarritasunaren eta indarrean dagoen esparru juridikora egokitzearen aurretiazko azterketa" egiteko asmoa duela. Lehendakariaren arabera, jarrera horrek "Gernikako Estatutuaren egokitzapen konstituzionala zalantzan jartzen duela dirudi, egindako proposamen bakoitzaren oinarria Euskadik Estatutuaren arabera duen eskumena denean".

2023ko aurrekontuak

2023ko aurrekontuei dagokienez, nahiz eta duda handiak izan etorkizunean zer gerta litekeen, eta, ondorioz, ekonomiaren bilakaera gertutik jarraituko duten, egungo egoera eta diru-bilketaren aurreikuspenak positiboak direla nabarmendu du lehendakariak. "Mahai gainean ditugun erronkei aurre egiteko, eta politika publikoak hobetzea helburu izango dituen aurrekontuak izateko lanean ari gara", adierazi du.

Ildo horretan, Legebiltzarreko talde guztiekin akordio batera iristea espero du, hiru lehentasuni erantzuteko: Batetik, funtsezko zerbitzuak indartzea, batez ere, osasunari, hezkuntzari eta babes sozialari dagokienez; bestetik, enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzea azpiegitura ekonomiko, sozial, ingurumeneko eta energetikoetan inbertsio publikoa eginez; eta, azkenik Ikerketa eta garapen teknologikoko inbertsioa handitzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030eko Planean hartutako konpromisoari jarraituta.

Hezkuntza hitzarmena, irailean

Hezkuntzako ikasturte berriari dagokionez, zehaztu du helburua hezkuntza komunitate osoarekin hezkuntza hitzarmena sendotzen jarraitzea dela. "Irailean bertan Lege asmoaren lehen proposamena onartuko dugu", azaldu du.

Gainera, lehendakariak aurreratu duikasturte berria covid-19aren aurkako higiene eta segurtasun neurririk gabehasiko dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrela, Nafarroan iragarri bezala, ikastetxeetako ikasle, irakasle eta langileek normaltasun osoz ekin ahal izango diote 2022-2023 ikasturteari EAEn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilbo albisteak Donostiako informazioa Iñigo Urkullu Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak