Politika -
Aldarrikapena
Sarek eta konpartsek manifestazioa egin dute Bilbon 'Etxera Bidea Gertu' lelopean
Amaieran irakurri duten adierazpenean, "mendekuan oinarritutako justizia" kritikatu, eta politika, elkarrizketa eta akordioak gizartearen mobilizazioarekin bateratu egin behar direla adierazi dute.
I.G. | eitb media
Sare Herritarrak eta Bilboko konpartsek manifestazioa egin dute gaur, ostirala, Aste Nagusiko egun handian, Etxera Bidea Gertu lelopean.
Hala, ETAko presoen defentsan lan egiten duen kolektiboak, eta konpartsek, Moyuako enparantzatik hasi dute martxa, 13:00etan, eta Bilboko kaleak zeharkatu dituzte, udaletxera heldu arte. Bertan, bukatutakoan, Joseba Azkarragak eta Bego Atxa bozeramaleek adierazpen bat irakurri dute.
"Gaur egun euskal presoen % 70 Euskal Herrian egoteak argi erakusten du etapak betetzen ari garela, salaketak, mobilizazioak eta Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalaren akordioak baliagarriak direla gobernuak eta estatuak mugi daitezen", adierazi dute. "Baina, duela egun batzuk esan genuen bezala, oraindik etapa asko geratzen zaizkigu", gaineratu dutenez.
Horren ildotik, oso beharrezkotzat jo dute politika, elkarrizketa eta akordioak gizartearen mobilizazioarekin bateratzea, "ideologia ezberdinak dituzten baina egoera aldatzeko gogoak elkartzen dituen pertsonekin partekatuz kalean".
Bozeramaleek erantsi dutenez, epaileek eta fiskalek "eskubidea dute ideologia politiko propioa izateko. Baina ez dute eskubiderik, eta horregatik salatzen dugu, beren ideologia euskal presoen oinarrizko eskubideei eragiten dieten beren erabaki judizialetan aplikatzeko. Hori da salatzen duguna eta salatzen jarraituko duguna".
"Eta mendekuan oinarritutako justizia hori da, hain zuzen ere, Auzitegi Nazionala egunero-egunero ezartzen ari dena, espetxeetako tratamendu-batzarrek gradu-progresioen inguruan edo espetxeko baimenen inguruan hartzen dituzten erabakien kontrako errekurtsoak jartzen dituenean", adierazi dute.
Azkenik, gogora ekarri dute Izan Bidea dinamikaren baitan ezarritako 3.127.326 km-ko erronkari amaiera emango diola Sarek Urriaren 8an Donostian, eta mobilizazioaren ondotik jaialdi bat antolatu du.