Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pilar Garrido: "Turismo tasa ez da bide bakarra, zein hiri mota nahi dugun pentsatu behar dugu"
Podemos Euskadiko koordinatzailea eztabaidari ekitearen alde agertu da, turismoa urte osoan bateragarria zelan egin aztertzeko helburuarekin. Horretarako, "etorkizunean zein hiri mota nahi dugun" erabaki behar da, bere ustean, plangintza horren arabera egiteko.
Iker Gonzalez | Eitb media
Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile eta Kongresuko diputatua Eneko Goiak Donostian turismo tasa ezartzeko proposamenaren inguruan mintzatu da eta, esan duenez, hausnarketa egin beharko litzateke "etorkizunean zein hiri mota nahi dugun" erabakitzeko, turismoaren tasa gorabehera.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketa batean esan duenez, "mahai gainean izan beharko litzatekeen eztabaidetako bat da zelan egin bateragarri turismoaren jarduera urte osoan zehar. Guk tasa horren alde egin dugu, baina ez da bide bakarra, hiriaren plangintzan jaso behar da zein hiri mota nahi dugun".
"Turismoa ekonomia da, aberastasuna, baina pentsatu beharra daukagu ez dugula hotel eta ohe gehiago behar, baizik eta babestutako etxebizitza eta gazteentzako aisialdi gune gehiago", gaineratu du.
Hiriburu gipuzkoarreko Aste Nagusian izandako eraso matxisten inguruan, Podemos Euskadiko koordinatzailearen ustean, "neurriak falta dira, ahalegin handiagoak egin behar dira denok jaiak gozatu ditzagun, indarkeria matxista eta ziztada barik".
Bestalde, Garridok esan du orain "Podemosen eremuari buruzko gogoeta" egiten ari direla, "entzuten ari gara, prozesu betean gaude, nola zabal dezakegun gure eremua, hauteskundeak heltzen direnean ikusiko dugu zein formula erabiltzen dugun, orain ez da lehentasuna".