Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Unai Urruzuno: "Aldaketa klimatikoaz ari bagara, era integralean erantzun behar zaio horri"
Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, EH Bilduko koordinatzaile-ondokoak ohartarazi du etorkizuna klima aldaketak baldintzatuko duela eta zibilizazio krisi baten atarian egon gaitezkeela. Ondorioz, neurriak eta estrategiak garatu behar direla defendatu du.
I. R. | EITB MEDIA
Krisi energetiko betean murgilduta, etorkizuna klima aldaketak baldintzatuko duela iragarri du EH Bilduko koordinatzaile-ondoko Unai Urruzunok. Hala esan du gaur Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, azpimarratuz emergentzia klimatiko baten erdian gaudela, "zantzuak aspalditik ikusten ari gara, eta, gure ustez, zibilizazioaren krisi baten atarian egon gaitezke". Hori dela eta, neurriak eta estrategiak garatu behar direla defendatu du: "Indar gehiagoz ekin behar diogu eztabaidari, arazo oso larria izan daitekeelako".
Are gehiago, Urruzunok uste du krisi anizkoitz batean dagoela mundua, baina muina bakarra dela: ekoizpen eta kontsumo eredua. Ez du uste Ukrainako gerra egun bizi ditugun arazoen iturburu denik, "askok uste duten bezala", eta gatazka hori krisi orokorrago baten beste ondorio bat delakoan dago.
Egoerari aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plan bat aurkeztu du orain gutxi, baina EH Bilduri egitasmoa ez zaio gehiegi gustatu. "Nahiko berandu eta kazkar erantzuten ari da Jaurlaritza. Zailtasun handiak ditu arazooi aurre egiteko", salatu du koalizio abertzaleko koordinatzaile-ondokoak.
Izan ere, Urruzunok deitoratu duenez, arazoa da EAEn garatzen ari diren politika energetikoak enpresa handiek "marraztu" dituztela, "euren nahietara". Hori dela eta, egoera koiunturaletik kanpo dauden eta errotikako politikei erantzungo dien neurriak aldarrikatu ditu. "Aldaketa klimatikoaz ari bagara, era integralean erantzun behar zaio horri", ondorioztatu du Urruzunok, "bada garaia hausnarketa oso eta integral bat egiteko".
Enpresa energetiko handiak aipatuta, horiei eta banketxeei zergak ezartzearen alde agertu da EH Bilduko kidea, baina haratago joateko aukerak zabaldu behar direla mahaigaineratu du. "Beharrezkoa da, baina haratago joan behar gara, eta Frantziako kasua dugu mahaigainean. Zergak jartzeaz gainera, enpresa horiek duten merkatuen kontrola eta prezioak ezartzeko kontrola mugatu beharra dago".
Estatus berriaren eztabaida eta txosnak
EAEko estatus berriaren eztabaidaren nondik norakoez galdetuta, Urruzunok deitoratu du bidea "moztuta" dagoela, alderdi batzuek ez dutelako erabaki zer egin nahi duten eztabaida horrekin. Euren aldetik, baina, erabakitzeko eskubidearen aldekoak direla azpimarratu du, "guztiaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu".
Aurten, herrietako txosnetan jazotzen ari diren jazarpen eta erasoen aurrean EH Bilduk "irmo jokatu ez" duela salatu du behin baino gehiagotan EAJk, baita "beto politikoak" eztabaidaren zentrora ekarri ere. Horren harira, Urruzunok deitoratu du jeltzaleak "kulebroia" egiten ari direla gai horrekin. "Ikusi dugu eztabaida horrek zer eman duen; gaia sobredimentsionatu dute, eta errealitateak kontu hori guztia utzi du bere horretan". Ildo horretan, EH Bilduko kideak gogoratu du EAJkoak izan direla urtez urte Hondarribian eta Irunen betoak ezartzen ibili direnak, emakumeen kontra.
Azkenik, Urruzunok azpimarratu du kasu guztietan adierazpen "oso argiak" egin dituztela EH Bilduko herrietako ordezkariek, "eta horrekin argi gelditu da zein den gure posizioa".