Politika -
Hezkuntza
Espainiako Gobernuak unibertsitatean sartzeko proba berria azkarregi aurkeztu duela salatu du Jaurlaritzak
Jokin Bildarratz sailburuaren ustez, unibertsitatean sartzeko proba berriaren proposamena aurkeztu aurretik, Hezkuntza Ministerioak bere proiektua erkidegoekin eztabaidatu eta adostu beharko zukeen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak uste du Espainiako Hezkuntza Ministerioak "azkarregi" aurkeztu duela unibertsitatean sartzeko proba berriaren proposamena eta azpimarratu du horrelako gai garrantzitsu batean hausnarketa eta adostasuna ezinbestekoak direla.
Lurraldeen arteko Hezkuntza Batzordeak bilera egin du gaur goizean eta foro horretan jakinarazi die Hezkuntza Ministerioak erkidegoei unibertsitatean sartzeko proba eredu berri bat landu duela.
Bildarratzek adierazi du horrelako proposamen bat aurkeztu aurretik, Hezkuntza Batzordean eztabaidatu eta adostu egin behar dela. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin gai horretaz hitz egiteko aurrez bildu ez izana aurpegiratu dio Hezkuntza Ministerioari.
Horrez gai, proposamena aurkezteko garaia ere kritikatu du, "urte gogor baten ondoren" irakasleak oporretan daudelako une honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoan "hilabete asko eman ditugulako lanean, ikasturte honetan aplikatuko den curriculuma lantzen".
Proposamenaren edukiari dagokionez, Bildarratzek ez du adierazpenik egin nahi izan, "gai garrantzitsua" dela eta xehetasunak aztertzeko "denbora eta elkarrizketak" behar direla iritzita.
Edonola ere, sailburuak aurreratu du Hezkuntza Ministerioak egindako proposamenari zantzu homogeneizatzailea hartu diola eta, beraz, EAEren eskumenak errespetatzeko deia egin du.
Bestalde, begi onez ikusi du ebaluazioak eskumenen arabera egiteko eredua ezartzea, euskal curriculumean zehaztu bezala, baina erantsi du hau ez dela momentua, ezta prozedura egokiena ere.
Ildo horretan, gaineratu du Batxilergoko curriculum berria irailean hasiko direla aplikatzen eta ikastetxeek egokitzeko denbora behar dutela.