Politika -

ANDALUZIA

Auzitegi Gorenak Griñanen kartzela-zigorra eta Chavesen gaitasungabetzea berretsi ditu

Jose Antonio Griñan eta Manuel Chaves Andaluziako Gobernuko presidente ohiak lan-erregulazioko espedienteen auzian zigortu dituzte. Lehendabizikoari sei urteko kartzela-zigorra ezarri dio eta bigarrenari bederatzi urterako gaitasungabetzea.

Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan. Artxiboko argazkia: EFE.
Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan. Artxiboko argazkia: EFE.
Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan. Artxiboko argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu Jose Antonio Griñan eta Manuel Chaves Andaluziako Gobernuko presidente ohiei lan-erregulazioko espedienteen auzian ezarritako zigorrak: sei urteko espetxealdia eta 15 urteko desgaikuntzat lehenengoarentzat eta bederatzi urterako gaitasungabetzea bigarrenarentzat.

Sistema ilegal bat asmatu zuten enpresei diru-laguntzak nahieran emateko eta iruzurra 2000tik 2011ra mantendu zuten.  

Erabakia ez dute aho batez hartu, hiru magistratuk Sevillako epaitegiaren ebazpenaren alde bozkatu baitute eta beste bi kontra agertu baitira. Horrela, bada, Griñani diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa egotzi dizkiote; Chaves, ostera, prebarikazioagatik soilik zigortu dute.

Chavesi diru publikoa bidegabe erabili izana leporatu ez diotenez, kartzela-zigorra saihestu du. Aitzitik, Griñanek espetxera joan beharko du delitu hori egotzi diotelako. Hain justu ere, ebazpenaren kontra bozkatu duten magistratuek uste dute Griñani ez zaiola delitu hori egotzi behar.

Gaur erabakia jakinarazi dute eta epaiaren xehetasunak aurrerago egingo dituzte publiko. Hala ere, Griñanen abokatuak jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela eta bitarteko guztiak erabiliko dituela bere bezeroa kartzelan sartzea ekiditeko. Ildo horretan, ez du baztertu indultua eskatzeko aukera.

Ebazpen judizialaren arabera, laguntza sozialak emateko eta krisian zeuden enpresei laguntzeko "legez kanpoko sistema bat" asmatu zuten, hamar urtez egon zen indarrean eta epe horretan 680 milioi euro nahieran banatu zituzten.

Andaluziako bi presidente ohiak ez ezik, garai hartako beste 14 goi-karguri ezarritako zigorrak ere berretsi ditu Auzitegi Gorenak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PSOE Auzitegi Gorena bideoak Espainia bideoak Iruzurrak albisteak Ustelkeria politikoa gaur Albisteak Gaur Albisteak