Politika -
Askatasun sexualaren legea
PPk JxCaten zuzenketa bat babestuta, Askatasun Sexualaren Legea behin betiko onartzea saihestu dute Senatuan
Askatasuna Sexualaren Legea gaur onartzea espero zuen Espainiako Gobernuak, baina Alderdi Popularrak JxCat koalizioak aurkeztutako zuzenketa txiki bat babestu du eta, ondorioz, egitasmoa Kongresura itzuliko da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Askatasun Sexualaren Legea behin betiko onartu behar zuten gaur Espainiako Senatuan, baina zuzenketa batek aurrera egin du eta, ondorioz, lege-proiektua Kongresura itzuli beharko dute.
JxCat koalizioak legearen hitzaurrean antzemandako akats ortografiko bat zuzentzeko eskaria erregistratu du -zehazki, hizki bat aldatzea eskatu dute-, eta, ezustean, Alderdi Popularreko senatariekin botoekin ekimenak aurrera egin du. Beraz, orain, testua berriro bueltatu beharko dute Kongresura.
Espainiako Gobernuak Askatasun Sexualaren Legea gaur behin betiko onartuko zela espero zuen, baina horretarako ezinbestekoa da gainerako taldeen zuzenketa bakar batek ere ez egitea aurrera.
Guztira, 150 zuzenketa aurkeztu dituzte. Denak bota dituzte atzera, JxCaten zuzenketa txiki hori izan ezik. Koalizioko katalaneko iturriek adierazi dute inolaz ere ez zutela espero ekimenak aurrera egingo zuenik.
Bozketa egin eta gutxira, Javier Maroto PPren bozeramailea pozik agertu da emaitzarekin eta Irene Montero Berdintasun ministroari burla egin dio.
"Irene Montero ministroa Senatura etorri da gaur 'soilik bai da bai' legea behin betiko onartu ostean bere diskurtso 'handia' egiteko asmoz. Baina legea ez da onartu. Kongresura itzuliko da. Zorionak, Irene", idatzi du Marotok Twitter sare sozialean.