Politika -
Ekitaldia, Bilbon
EAJk ikurrina omendu du: "Batasunaren eta martxan dagoen herrialde baten ikurra da"
Ekitaldia Bilbon egin dute, larunbatean, ikurrina altxatu zuten lehen aldiaren 128. urteurrenaren harira. Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkidearen arabera, EAJk lanean jarraituko du "herrialde hau eraikitzen, arduraz, ilusioz eta konpromisoz".
EITB MEDIA
EAJk omenaldia egin dio ikurrinari larunbat honetan Bilbon, Zazpi Kaleetan, Dendarikaleko batzokian; izan ere, ikurrina lehen aldiz altxatu zutenetik 128 urte bete berri dira. Ekitaldian, EAJk esan du ikurrina "batasunaren eta martxan dagoen herrialde baten ikurra" dela, "eraikitzen ari den herrialde baten sinboloa".
Azken bi urteotan ez dute omenaldi hau egin, pandemiagatik, baina orain berreskuratu egin dute. Besteak beste, Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide eta Bizkai Buru Batzarreko burukidea izan da bertan; Arrizabalagaren esanetan, EAJk "lanean jarraituko du herrialde hau eraikitzen, arduraz, ilusioz eta konpromisoz, beti herriaren borondatea errespetatuz, inposiziorik gabe".
Gogora ekarri duenez, Bilboko Posta kalean altxatu zuten ikurrina lehen aldiz, 1894ko uztailaren 14an, larunbat honetako ekitaldia egin duten lekutik oso gertu: "128 urte geroago, hemen jarraitzen du EAJk; hemen jarraitzen dugu EAJko emakume eta gizonok", nabarmendu du Arrizabalagak.
"Ikurrina martxan dagoen herrialde baten ikurra da, eraikitzen ari den herrialde baten sinboloa", berretsi du, eta gehitu du EAJko kideek "arduraz, ilusioz eta konpromisoz" hartzen dutela euren gain lan hori; izan ere, "herri bat ez da eraikitzen masta batean bandera bat edo beste jartzearekin; herri bat eraikitzen da herritarren borondatean oinarrituta", adierazi du.
Hala, Arrizabalagaren esanetan, horretarako lortu behar da "gure erakundeekin identifikatuta eta ordezkatuta sentituko den gizataldea. Kontzientzian eta borondatean aurrera egingo duen proiektuarekin; gure egitasmora gero eta herritar gehiago erakarriz. Erkidegoa eraikiz. Euskal herritar berriak geureganatuz, kolore hauek bere egingo dituztenak", esan du.