Politika -

Miguel Angel Blanco

Euskal gizarteak ETAri 'aski da' esan zionekoa

Miguel Angel Blancoren hilketaren harira duela 25 urte egindako manifestazio jendetsuak mugarri izan ziren terrorismoaren aurkako borroka kulturalean.

Miguel Angel Blanco askatzea eskatzeko martxa bat, 1997an
Miguel Angel Blanco askatzea eskatzeko martxa bat, 1997an
Miguel Angel Blanco askatzeko eskatzeko manifestazioak

0:44

D.P.C. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketak eta ondorengo hilketak gogor astindu zuten euskal gizartea duela 25 urte, eta herritarrak inoiz ez bezala atera ziren kalera, Ermuko gaztea askatzea eskatzeko hasieran, eta krimena gaitzesteko hurrengo egunetan, urrats atzeraezina eta behin betikoa eginez terrorismoari zilegitasun soziala kentzeko bidean.

Miguel Angel, 29 urtekoa, ezezaguna zen iritzi publikoarentzat. Herri bateko zinegotzia zen, helburu politiko handiagorik ez zuena eta lagunek eskatuta sartu zena udal politikagintzan. Horregatik, euskal gizarteak gertukoa sentitu zuen eta enpatia handia erakutsi zion lehen unetik. Gainera, ETAk haren biziari epemuga jarri izanak hauspotu egin zuen sumina.

Hori horrela, bahiketak aurrekaririk ez zuten mobilizazio masiboak eragin zituen, kolore edo bandera politikorik gabekoak. Protesta horiek "Ermuko espiritua" izenarekin egin ziren ezagun gerora.

Harrezkero, ETAk beste 14 urtez eutsi zion terrorismoari, eta 67 pertsona hil zituen tarte horretan, baina ez zuen bahiketa bakar bat gehiago egin, beharbada soka gehiegi tenkatu zuela jakinda.

Lehen manifestazioak: harridura eta itxaropena

Miguel Angel Blancoren askatasuna eskatzeko bijilia egin zuten Ermuko herritarrek
Miguel Angel Blancoren askatasuna eskatzeko bijilia egin zuten Ermuko herritarrek
Miguel Angel Blancoren askatasuna eskatzeko bijilia egin zuten Ermuko herritarrek

1:04

Itxaropenak amorruari utzi zion lekua

Miguel Angel etxera bizirik itzultzeko itxaropenak laster bihurtu ziren amesgaizto, uztailaren 12ko 16:40an, Ermuko gaztea hil edo bizi topatu zutenean Lasarteko mendi-inguru batean. Inork espero ez zuena gertatu zen: ETAk muzin egin zien gaztea askatzeko eskakizunei, eta bi tiro eman zizkion buruan.

17:00etan, Totorika alkateak albiste lazgarria iragarri zien herriko plazan bertaratutakoei: "Miguel Angel hil dute". Bertan zeudenak garrasika hasi ziren.

Carlos Totorikak, Ermuko alkateak, Miguel Angel Blancoren heriotzaren berri eman zien herritarrei
Carlos Totorikak, Ermuko alkateak, Miguel Angel Blancoren heriotzaren berri eman zien herritarrei
Carlos Totorikak, Ermuko alkateak, Miguel Angel Blancoren heriotzaren berri eman zien herritarrei

1:22

Haserrea herri horretan hasi zen, baina laster hedatu zen beste hainbatetara, eta leku askotan Herri Batasunaren egoitzen aurrean ere egin zuten protesta. Irudi historikoa utzi zuten elkarretaratze horiek: HBren Donostiako egoitza zaintzen ari ziren sei ertzainek kaputxa erantzi zuten, aurrenekoz aurpegia erakutsita. Hainbat pertsonak besarkatu egin zituzten une horretan.

Totorika sofoca un incendio en la sede de HB de Ermua

Bestalde, Ermuan, HBren egoitzari su eman zioten, eta Totorika alkatea sugarrak itzaltzen saiatu zen.

Totorika sofoca un incendio en la sede de HB de Ermua

Haserrea ez zen bakarrik ETAren aurkakoa izan; haren jarraitzaileen kontrakoa ere bai. Horren erakusle, Victoria Prego kazetariak uztailaren 14an Madrilen egindako manifestazio batean esandakoa: "Bakea eta hitza oinarri hartuta, baina legearekin ere bai: egin iezaiegu aurre!".

Egun horietakoak dira ikur bihurtu diren beste hainbat irudi, esku zuriak eta xingola urdinak, kasu.

Hurrengo urteetan, krimenak hankaz gora jarri zuen testuinguru politikoa: ETAren aurkako alderdiak biltzen zituen Ajuria Eneko Ituna desegin zuten, eta indar subiranistak elkartu zituen Lizarra-Garaziko Ituna jaio zen. Era berean, zenbait alderdi "Ermuko espiritua"ri etekin politikoa ateratzen saiatu ziren, eta, Madrildik, terrorismoa abertzaletasun demokratiko osoarekin parekatu zuten.

Kalean, baina, zeharo ezberdinak izan ziren ondorioak. Miguel Angel Blancoren hilketak ez zuen berehala ekarri ETAren amaiera, baina hilketak goitik behera aldatu zuen euskal gizartea, betiko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Terrorismoaren Biktimak