Politika -

2015etik egin barik

Gaur abiatuko da Nazioaren egoerari buruzko Eztabaida; lehenengoa, Sanchez Espainiako presidente denetik

Hiru egun iraungo du eztabaidak, eta talde parlamentario guztiek hartuko dute parte. Sanchezek krisialdiari aurre egiteko neurri berriak iragartzea espero da koalizioa ahul dagoen une berezi batean.

Pedro Sánchez en el Congreso de los Diputados, en una imagen de archivo. Foto: EFE
Pedro Sánchez en el Congreso de los Diputados, en una imagen de archivo
Pedro Sánchez en el Congreso de los Diputados, en una imagen de archivo. Foto: EFE

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, asteartearekin, hasiko da Nazioaren egoerari buruzko Eztabaida Diputatuen Kongresuan. Eztabaida berezia da, ezohikoa, eta, bertan, Espainiako Gobernuaren agendan nagusi izan diren gaiak aztertu, eta ordura arte egindako kudeaketaren balantzea egiten da.

Aurreko eztabaida 2015ean egin zen, Mariano Rajoy presidente eta Pedro Sanchez oposizioaren buru ziren garaian. Lehenengoa 1983an egin zuten, eta, orduz geroztik, 25 egin dituzte guztira. Normalean, urtean behin egiten da, hauteskunde orokorrak egin diren urteetan izan ezik, edo egin zirenetik hilabete gutxi igaro baldin badira izan ezik.

Oraingo honetan, Espainiako Gobernuko presidenteak klase ertain eta, orokorrean, langileei zuzenduta neurri berriak iragartzea espero da, gaur egungo egoera "ezohikoari" aurre egiteko. Hori dela eta, koalizioa indartuta ateratzea espero da, Isabel Rodriguez bozeramaileak astelehenean esan duenez. 

Saioa 12:00etan hasiko da, Pedro Sanchezen agerraldiarekin. Sanchezek, batetik, Nazioaren egoerari buruzko Eztabaida egitea eskatuko du, eta, bestetik, Gobernuak osoko bilkuran mahaigaineratuko dituen gai nagusiak aurkeztuko ditu. Nolanahi ere, talde parlamentarioek beharrezko jotzen dituzten gaiak gai-zerrendan sartzeko aukera dute.

Eztabaida egiteko asmoa komunikatu eta Kongresuko Mahaiak, Presidentetzak, Bozeramaleen Batzordearekin adostuta, onartu ondoren, saio monografikoa deitu egingo dute, hiru egunez luzatu ohi dena: lehen bi egunak eztabaida egiteko eta, azkena, ebazpen proposamenak bozkatzeko.

Sanchezen aurkezpena bukatutakoan, saioa eten egingo da 16:00ak arte. Ordu horretan, talde parlamentarioen txanda hasiko da handienetik txikienera. Fase honetan, talde bakoitzak 30 minutu izango ditu, ondoren, presidente espainiarrak erantzuteko aukera izango du (denbora mugarik gabe). Horren ostean, erreplikarako txanda egongo da, 10 minutukoa, Gobernuaren erantzuna, 5 minutuko berrerantzuna, eta, azkenik, Espainiako Gobernuak azken erantzuna emateko txanda izango du.

Taldeek hurrenkera honi jarraituko diote: Alderdi Popularra, Vox, Unidas-Podemos, ERC, Talde Plurala, Cs, EAJ, EH Bildu, Talde Mistoa eta, azkenik, PSOE. Alberto Nuñez Feijoo bertan egongo bada ere, ezingo du parte hartu, diputatu aktarik ez duelako.

Eztabaida bukatu ostean, taldeek ebazpen proposamenak aurkezteko epea zabalduko da, gehienez, 15eko multzoetan. Hala, ostegunean, Mahaia berriz bilduko da 150 proposamenak izapidetzeko onartzeko eta, ondoren, bozketa hasiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua argazkiak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak