Politika -

BIZKAIA

Ermuak Miguel Angel Blanco omenduko du gaur, euskal gizartea aldatu zuen hilketatik 25 urte igaro ondoren

ETAk hildako zinegotzia omentzeko ekitaldia agintarien ordezkaritza zabal batek babestuko du, baina, beste behin, ez du talde politiko guztien babesa izango. Ekitaldia 12:30ean hasiko da, Miguel Angel Blanco kiroldegian.

Blancoren hilketa salatzeko egindako manfiestazioetako bat. Argazkia: Miguel Angel Blanco Fundazioa
Blancoren hilketa salatzeko egindako manfiestazioetako bat
Blancoren hilketa salatzeko egindako manfiestazioetako bat. Argazkia: Miguel Angel Blanco Fundazioa

iker gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan egingo dute Miguel Angel Blanco omentzeko ekitaldia Ermuan, ETAk hil zuela 25 urte beteko diren honetan, eta euskal zein espainiar agintarien ordezkaritza zabal batek parte hartuko du. 

Ekitaldia 12:30ean hasiko da, Miguel Angel Blanco kiroldegian eta, nahiz eta ordezkaritza politiko eta sozial zabal batek babestuko duen, ez du, beste behin ere, talde politiko guztien babesa izango.

Hala, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jaurlaritzako beste ordezkari batzuek lagunduta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Felipe VI.a erregea, Juan Carlos Abascal herri bizkaitarreko alkatea, eta Marimar Blanco, besteak beste, izango dira bertan.

Ekitaldian Urkulluk, Sanchezek, erregeak, alkateak eta, azkenik, Marimar Blancok ere, hitz egingo dute. Hasieran, hildako zinegotziaren arreba hizlarietatik kanpo geratu zen, baina, azkenean, berak ere hitzaldia emango du.

Halere, badago parte hartuko ez duela iragarri duenik ere, eta, horrek, zeresana eman du aste osoan zenbait elkarte eta talderen artean.

Hain zuzen, aurreko asteartean, Bingen Zupiriak tamalgarritzat jo zuen Sortuk parte ez hartzea. Horren ildotik, kritikatu zuen Sortuk "PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketaren inguruan gertatutakoari buruz hausnarketa egiteko aukera ez aprobetxatzea".  

Arkaitz Rodriguez, Zupiriak esandakoari erantzunda, 2021ko urriaren 18ko Aieteko Adierazpena ekarri zuen gogora: "Orduan egindako irakurketa hori Miguel Angel Blancoren kasurako ere balio du, zalantzarik gabe. Orduan esan genuen, eta gaur hitzez hitz gogoraraziko dugu, sentitzen dugula ETAren biktimek jasandako mina, gure egiten dugula min hori eta, sentimendu zintzo horretatik, inoiz ez zela gertatutakoa gertatu behar". Sortuk erregeak eta Estatuko segurtasun indarren ordezkariek parte hartzea deitoratu egin du.

AVT, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia edo Vox dira parte hartuko ez dutela esan duten horietako batzuk, aste honetan Gobernu espainiarrak EH Bildurekin akordioa egin eta gero, Memoria Demokratikoaren Legea onartzeko. Edonola ere, beste elkarte batzuek, esaterako Covitek, bai baieztatu dutela parte hartuko dutela.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Miguel Angel Blancoren ahotsa, 25 urteren ostean

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Ermua Espainiako Felipe VI.a ETA Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Erailketak