Politika -

Gasteizko Ganbera

Eusko Legebiltzarrak lau lege onartu ditu udako oporren atarian, azken osoko bilkuran

Bestalde, Ganberak EH Bilduren proposamen bat atzera bota du. Osasun sistemaren eta, bereziki, lehen arretaren, egoeraren inguruko diagnostiko bat egiteko lantalde bat sortzea proposatu du koalizioak.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EITB Media
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EITB Media
Animaliak babesteko legea eta kirol arloko langileen titulazioa arautzen duena onartu ditu Legebiltzarrak

01:18

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak lau lege onartu ditu udako oporren atarian, azken osoko bilkuran: Landa Garapena, Etxeko Animalien Babesa, Jaurlaritzak araudiak aurrera eramateko baldintzak eta Kirol eta Ariketa Fisiko Lanbideen inguruko legedia.

Landa Garapenerako Legeak, besteak beste, nekazaritza sektorearen bideragarritasuna bermatzeko salneurrien ikuskaritza eta landa-guneetan garraio, osasun eta hezkuntza zerbitzuak indartzeko konpromisoa jasotzen ditu.

Testua EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute, hau da, Legebiltzarreko 75 ordezkarietatik 68k baiezko botoa eman dute. PP+Cs eskuineko koalizioa, aldiz, abstenitu da, eta Vox ultraeskuineko alderdiak aurkako boza eman du.

Gainera, Gasteizko Ganberak Etxeko Animaliak Babesteko Legea onartu du ostegun honetako saioan. Arauak 100 eta 100.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu, tratu txar eta animalien ongizatearen aurkako jarrerak zigortzeko. Hala ere, zezen ikuskizunak, ehiza, arrantza eta hirietako izurrien aurkako borroka arauditik kanpo geratu dira, lege bereziek arautzen dituztelako.

EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP+Cs koalizioak legea babestu dute. Elkarrekin Podemos-IU eta Voxeko legebiltzarkide bakarra, ostera, bozketan abstenitu dira.

Un perro en la consulta de una veterinaria. Foto: EFE

Era berean, araudia proiektu guztiak aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak bete behar dituen baldintza eta faseen prozedura arautzeko legea onartu dute. Besteak beste, araudiak egiteko prozedura bizkortzen eta sinplifikatzen du, beharrizan berrietara eta gardentasun zein herritarren parte-hartzera egokituz, baita genero ikuspegia sendotu ere.

Ganberako talde politiko guztiek babesa eman diote -EAJ, EH Bildu, PSE, Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Vox-. Horregatik, tramitazio prozesuan talde parlamentario guztiek izandako jarrera eskertu du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak.

Azkenik, Kirol eta Ariketa Fisiko Lanbideen Legea onartu dute. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk babestu dute. Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien lege-proposamena da.

Elkarrekin Podemos-IU abstenitu da, Vox ultraeskuineko alderdiak aurkako botoa eman du, testuan jasotako hizkuntza "obsesioagatik". PP+Cs eskuineko koalizioak gauza bera kritikatu du, baina arauaren aldeko botoa eman du.

Bestalde, Ganberak EH Bilduren proposamen bat atzera bota du. Osasun sistemaren eta, bereziki, lehen arretaren, egoeraren inguruko diagnostiko bat egiteko lantalde bat sortzea proposatu du koalizioak. Adituek eta Osakidetzako langileen ordezkariek osatzea nahi zuen.

Konkretuki, txosten bat egiteko, Osasun Batzordearen baitan, lantalde bat eratzea planteatu du koalizioak, "lehen arreta indartzeko, prestigioa eman eta garai berrietara egokitzeko" neurriak proposatu dezan. EH Bilduren hitzetan, helburua "kalitatezko osasun sistema publiko bat bermatzea da". Horretarako, profesional, aditu eta sektoreko beharginen ordezkariek parte hartzea nahi zuen.

Hala ere, EH Bilduren mozioa atzera bota dute. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako testu alternatiboa onartu du Ganberak, PP+Cs eta Voxen abstentzioarekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkako botoa eman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Politika Osakidetza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Animaliak