Politika -
Memoria historikoa
EH Bildu: "La Cumbre memoria-gune bilakatuta, Lasak eta Zabalak jasandako torturak aitortzea lortuko dugu"
EH Bilduk akordioa egin du Espainiako Gobernuarekin Donostiako La Cumbre jauregia eta Ezkabako gotorlekua memoria-gune bilakatzeko.
EITB MEDIA
Donostiako La Cumbre jauregia Udalaren esku uzteko eta memoria-gune bilatzeko Espainiako Gobernuarekin akordioa egin ostean, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak azpimarratu du eraikin horretan torturatu zituzten pertsonei eragindako sufrimendua aitortzeko balioko duela ekimenak.
Besteak beste, Josean Lasa eta Joxi Zabala torturatu zituzten han, 1983an, Alacantaren tiroz hil eta kare bizian lurperatu aurretik.
Aizpuruak agerraldia egin du La Cumbre jauregiaren atarian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zinegotzia eta Josean Lasaren eta Joxi Zabalaren anai-arrebak alboan zituela.
"Gaur Euskal Herriarentzat hain sinbolikoa den La Cumbre Jauregira etorri gara, hemen torturatu zituzten pertsonen hainbat seniderekin batera. Jauregia Donostiako Udalaren esku uztea adostu dugu Espainiako Gobernuarekin memoria gune bihurtzeko", adierazi du.
Itun hori "laster" onartuko den Memoria Demokratikoaren Legearen baitan jasoko dela eta eskualdatzea "urtebeteko epean" gauzatuko dela azaldu du.
"Uste dugu berri pozgarria eta aurrerapausoa dela memoria inklusiboa eraikitzeko bidean, aspaldiko aldarrikapen historikoei erantzuten dielako eta iraganeko gertaerak aitortzeko eta ahaztutako biktimei erreparazioa bermatzeko", nabarmendu du.
"Ezin dugu ahaztu hemen bertan GALeko kideek Lasa eta Zabala torturatu zituztela kare bizitan hil aurretik. Ezin dugu ahaztu Francok hemen igarotzen zituela bere udako egonaldiak", erantsi du.
Gauzak horrela, jauregi hori "herriarentzat berreskuratzea, sinbolikoa izateaz gain, hainbestetan ukatutako errealitate isilarazia azaleratzeko aukera ere badela" iritzi dio Aizpuruak.
Horrez gain, EH Bilduk beste hainbat neurri ere adostu ditu Espainiako Gobernuarekin Memoria Demokratikoaren Legearen alde bozkatzearen truke, tartean ondoko hauek: Ezkabako gotorlekua Nafarroako Gobernuaren esku uztea, memoria-gune bilakatzeko; auzitegi frankistak legez kanpokotzat jotzea eta, ondorioz, haien zigor guztiak baliogabetzea; eta frankismoko krimenak argitzen laguntzeko batzorde independente bat sortzea.
Halaber, legearen aplikazioa 1978ra mugatu beharrean, 1983rarte luzatzea hitzartu dute Espainiako Gobernuarekin. "Horrek aukera emango du Trantsizio 'eredugarrian' zehar gertatutako giza eskubideen urraketei ere erreparatzeko eta haien biktimei merezi duten aitortza ziurtatzeko", zehaztu du.
"Biktima guztiek merezi dutelako egia, justizia eta erreparazioa, guk bide horretan lanean segituko dugu, salbuespenik egin gabe biktima batzuen eta besteen artean", gaineratu du.