Politika -
Trans legea
Espainiako Gobernuak trans legea onartu du
Besteak beste, erregistroan izena aldatzeko aukera emango du, inolako mediku txostenik gabe. Horrela, eztabaida ugari sortu dituen testua, besteak beste transen genero-autodeterminazioa dela eta, legebiltzarrean izapidetzen hasiko da.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako Ministroen Kontseiluak trans eta LGTBI pertsonen eskubideen legea onartu du, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan eta izen bereko legea onartu eta urtebetera. Eztabaida ugari sortu duen legea da, besteak beste, trans pertsonen genero autodeterminazioa dela eta. Orain araua Kongresuan izapidetzen hasiko da.
"Lege oso garrantzitsua da; 2005. urtean Zapatero presidente zela sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbidetzen zuen legea sortu zen, eta lege horren jarraipena da hau", azaldu du Isabel Rodriguez Gobernuko bozeramaileak.
Generoaren autodeterminaziorako askatasuna jasotzen du arau berriak, eta Erregistroan sexua aldatu ahal izango da horretarako interesa duen pertsonaren borondate adierazpen hutsez, baldin eta lehen eskaera egin eta hiru hilabetera borondate hori berresten badu. Hala, ez da beharrezkoa izango mediku txostenik edo txosten psikologikorik aurkeztea.
Gainera, bertan behera geratzen da adin-nagusitasunaren baldintza. Hala, 16 urtetik gorako pertsona oro guztiz legitimatuta egongo da eskaria egiteko; 12 eta 16 urte bitarteko adingabeek legezko ordezkarien bidez edo haien baimenarekin eskatu ahal izango dute; eta, 12 urtetik beherakoen kasuan, gurasoek edo tutoreek erregistro-sexua aldatzeko eskatu ahal izango dute, betiere, haurra ados badago.
Halaber, emakume lesbiana, bisexual eta transexualei lagundutako ugalketarako tratamenduetara jo ahal izatea bermatzen da, eta Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du 6 hilabeteko epean ministro-agindu bat idazteko, haurdun geratzeko gaitasuna duten trans pertsonei eskubide hori zabaltzeko.
Era berean, trans egoeran dauden pertsonak despatologizatu egiten dira, hau da, ez dira gaixotzat joko. Are gehiago, legeak berariaz debekatuko ditu sexu-orientazioa, -identitatea edo -adierazpena aldatzera bideratutako bihurketa-terapiak, bai eta haurtxo intersexualen genitalak aldatzeko kirurgiak ere.
Hori dena lege-proiektuak aurreikusten duena da, baina oraindik tramite luzea du Trans Legeak Kongresuan.