Politika -
Ministroen Kontseilua
Krisiari aurre egiteko neurri sorta abenduaren 31ra arte luzatuko du Espainiako Gobernuak
Beraz, ez dira hiru hilabeterako izango, nahiz eta hasieran hori iragarri, sei hilabeterako baizik.
Agentziak | EiTB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Ukrainako inbasioak eragindako ondorio ekonomikoei eta inflazioari aurre egiteko, Ministroen Kontseiluak larunbat honetan onartuko duen neurri sorta abenduaren 31ra arte indarrean egongo da, eta ez da hiru hilabeterako izango, nahiz eta hasiera batean hori iragarri.
Sanchezek Bruselan agerraldia egin du, Europako Kontseilua amaitu ondoren. Espainiako gobernuburuak ziurtatu duenez, dekretuko neurriak orain arte onartutakoarekin "koherenteak" izango dira, nahiz eta ezer gutxi aurreratu. Sanchezen ahotan, sektore bereziki zaurgarriak babestu eta zerga batzuk murriztuko dituzte.
Exekutiboko buruzagiak Ministroen Kontseilua bukatu bezain pronto emango du dekretuaren berri. Prezioen gorakadaren aurrean babestu ahal izateko, familiak, industria eta enpresak lagunduko dituztela iragarri du Sanchezek.
"Inflazioa handia dela badakigu, baina Gobernua norentzat gobernatzen ari den badaki, beste sektore batzuek pribilegioak eta 'status quo'a mantendu nahi dituztela badakigu, baina Gobernuak ez du onartuko, norentzat gobernatzen ari garen badakigu, eta bizitza kostuaren gorakadaren ondorioz zaurgarriago bihurtu diren familiak babesteko gobernatzen ari gara", azpimarratu du Sanchezek.
Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du gerrak EBko egoera ekonomikoa "kaltetu" duela, energiaren eta elikagaien prezioak puztuz, herritarrentzako bizitzaren kostua areagotuz.
Europan merkatu elektrikoa erreformatzeko beharra berriro defendatu du Sanchezek, gas eta argindarra bereiziz, Europako energia merkatu osoan gasari muga jarriz.
Horrela, iberiar merkatuan gasari muga ezarri bezain laster, prezioak Espainian behera egin duela nabarmendu du gobernuburuak, spot merkatuarekin alderatuta.