Politika -

Katalunia

Sanchez eta Aragones kurtso politikoa amaitu aurretik bilduko dira

Espainiako eta Kataluniako Gobernuek elkarrizketa fase berri bati ekin diote. Dozenaka buruzagi independentista katalan zelatatu zituztela jakin zenean hautsi zen bi exekutiboen arteko harremana.

Pere Aragones eta Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Pere Aragones eta Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Pere Aragones eta Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez eta Pere Aragones kurtso politikoa amaitu aurretik bilduko dira, Espainiako eta Kataluniako Gobernuen arteko elkarrizketa politikoari berriro heltzeko asmoz. Pegasus sistemaren bidez dozenaka buruzagi independentista zelatatu zituztela argitara atera zenean hautsi zen harremana.

Laura Vilagra Generalitateko Presidentzia kontseilaria eta Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroa arratsaldean batzartu dira Madrilen eta bertan adostu dute bi gobernuburuen arteko bilera egitea. Oraindik, baina, ez dute datarik zehaztu.

Batzarra amaituta, Moncloa Jauregian egin duen agerraldian, Felix Bolañosek jakinarazi du elkarrizketa-mahaia martxan jartzeko metodologia adostuko dutela datozen asteetan bi gobernuek.

Sanchezen eta Aragonesen bilerari dagokionez, "bi agintariek ahal dutenean" izango dela esan du eta erantsi du datozen asteetan Espainiako Gobernuko presidentearen agenda "oso beteta" egongo dela.

Laura Vilagrak -Generalitateak Madrilen duen ordezkaritzan egin du agerraldia- ere datarik ez dagoela esan du, baina zehaztu du uztailean izango dela, kurtso politikoa amaitu baino lehen.

Kontseilariak azaldu du gaurko batzarraren helburua bi gobernuen arteko harremanaren blokeoari buruz hitz egitea izan dela. Elkarrizketak espioitza politikoaren auziagatik amaitu baziren ere, bi administrazioen arteko konfiantza beste arrazoi batzuengatik ere urratu dela azpimarratu du eta, besteak beste, Estatuak Katalunian egindako inbertsio txikiak aipatu ditu.  

"Oraingoz ezin daiteke esan normaltasuna berreskuratu dela, baina badakigu arazoak ez direla berez konponduko eta hitz egitea ezinbestekoa dela", adierazi du.

"Harremana berreskuratzeko eta negoziazio prozesua berrabiarazteko gutxieneko konfiantza lortzeko bermeak eta baldintzak adosteko elkarrizketak hasi ditugu gaur", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatea