Politika -
Ministroen Kontseilua
Espainiako Gobernuak larunbatean onartuko du krisiaren aurkako dekretua, ezohiko bilera batean
Espainiako Exekutiboa dekretu berriaren neurriak prestatzen ari da; izan ere, orain arte onartutakoak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.
Agentziak | EiTB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ministro Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du larunbaterako, Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko, indarrean dauden neurriak luzatzeko dekretua onartzeko. Dirudienez, neurri berriak ere jasoko ditu dekretuak.
Isabel Rodriguez Espainiako Exekutiboko bozeramaileak deialdiaren berri eman du prentsaurrekoan, astearte honetako Ministroen Kontseilua bukatu ondoren. Era berean, datorren astearteko bilera astelehenera aurreratu dute, hurrengo asteko NATOko goi-bileraren ondorioz.
Espainiako Gobernua dekretu berriaren neurriak prestatzen ari da; izan ere, orain arte onartutakoak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.
EBko estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilera amaitu eta biharamunean izango da Ministroen Kontseiluko ezohiko bilera. Europar Batasuneko buruzagien batzarrean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialak aztertuko dituzte.
Familia zaurgarrienak laguntzeko 300 euroko txeke bat eta garraio abonuarentzako diru-laguntza bat barneratzea eskatu du Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak.
"Koalizioaren baitan negoziatzen ari gara. Bi espazio ezberdin gara, ikuspegi desberdinekin. Inflazioak pertsonen bizitzan duen eragina arintzeko neurriak planteatzen ari gara", esan du Diazek.
Hala ere, bigarren presidenteordeak onartu duenez, jarrerak hurbiltzeko "denbora gutxi" geratzen da. "Akordio batera iritsiko garela seguru nago", gaineratu du.