Politika -
Gipuzkoa
Kontseilu Sozialistako kideak iluntzean atera dira Hernaniko udaletxetik hainbat orduko itxialdiaren ostean
San Joan jaietan txosna jartzeko "beto politikoa" salatzeko, udaletxean sartu dira gazteak. Esan dutenez, euren ekintzaren helburua "konponbide bat" lortzea izan da, baina "ezinezkoa" zela ikusita irten egin dira. Hernaniko Udalak esan du "mehatxu eta jazarpenak onartezinak" direla.
eitb media
Buruntzaldeko Gazte Kontseilu Sozialistako (GKS) zenbait kide Hernaniko udaletxean sartu dira eta itxialdia egin dute hainbat orduz San Joan jaietan txosna jartzeko "beto politikoa" salatzeko. Hainbat orduz bertan egon ondoren, eta "konponbidea ezinezkoa zela ikusita", 21:00ak aldera atera dira bertatik.
Kontseilu Sozialistak gazte ezkertiarrek eta abertzaleek osatzen dituzte, baina Sorturekin eta EH Bildurekin kritiko direnak. Kolektiboak ohar baten bidez zabaldu duenez, "txosna batzordeko hainbat eragileren ekinbidez, txosna jartzea ukatu zaigu inolako arrazoi edo justifikaziorik gabe. Sortu eta EH Bildu beto politiko bat ezartzen ari dira Mugimendu Sozialistaren aurka, Hernanin eta baldintzak dituzten leku guztietan".
"Azken hilabeteetan, saiatu izan gara egoerari aterabide bat ematen, lehendabizi, txosna batzordean bertan, eta, ondoren, EH Bildu buru duen udal gobernuarekin. Hainbat proposamen egin izan ditugu, txosnaguneko ohiko kokapena aldatuz (Bilgune Feministak jarritako aitzakiak saihesteko) edota gure txosnarentzako kokapen alternatiboak mahai gainean jarriz. Udalaren partetik, ez da borondaterik egon konponbiderako, aukera orori muzin egin die, txosnen eskumen osoa txosna batzordeari aitortzen diola errepikatu digute", adierazi dute.
Mugimenduaren iritzian, agintariak espazio publikoa "pribatizatzen" ari dira, "gure eskubidea den txosna bat jartzeko aukera justifikaziorik gabe ukatzen".
Udala: "Mehatxuak onartezinak dira"
Bestalde, Hernaniko Udalak (EH Bildu) adierazi du "mehatxu eta jazarpen" guztiak "onartezinak" direla.
Gainera, txosnen antolakuntza "txosna batzordearen ardura" dela azaldu dute. Horregatik, batzorde horren "kudeaketa eredu autonomoa" balioetsi egin nahi izan du, eta aurreratu du "bete" egingo dituela horren erabakiak.
Horregatik, errefusatu egin du txosnagunetik kanpo txosna gehiago jartzeko beste espazio bat sortzea.