Politika -
frantziako hauteskundeak
Iparraldean, Echaniz gailendu da laugarren hautesbarrutian; Lassarre, bosgarrenean eta Bru, seigarrenean
Laugarren hautesbarrutian espero zen lehiarik estuena, eta NUPES ezkerreko aliantza atera da bertan garaile. Ipar Euskal Herriko gainerako hautesbarrutietan, ordea, Macronen aldekoena da gehiengoa; kasu horietan ere, alde txikiarekin.
i.l.k. | eitb media
Ipar Euskal Herrian, Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan bozkatzera deituta zeuden hiru hautesbarrutietan, Macronen koalizioa gailendu da, oro har. Hala ere, laugarren hautesbarrutian espero zen lehiarik estuena, eta Jean-Luc Melenchonen NUPES ezkerreko aliantza nagusitu da bertan.
Hala, laugarren hautesbarrutian, Iñaki Echaniz hautagai sozialista (botoen % 50,1) Annick Trounday makronzaleari (% 49,9 eskuratuta) gailendu zaio. Alde txikiarekin eskuratu du garaipena aurreikusita zegoen bezala: 89 boz bitarteko, Parisera joango den lehen diputatua ezkertiarra izango da.
Azken unera arte, parekatuta egon da botoen zenbaketa. Oro har, Troundayk babes handiagoa jaso du Euskal Herrian; Echanizek, aldiz, Bearno eskualdean.
Bosgarren hautesbarrutian ere pareko ibili dira bi alderdiak, baina Florence Lasserre Ensemble taldeko ordezkariak Sandra Pereira-Ostanel NUPESekoari irabazi dio.
Seigarren barrutian, Lapurdi kostaldean, Vincent Bru diputatu makronistak orain arteko postua mantentzea lortu du. Beste bost urte egingo ditu, hortaz, Asanblea Nazionalean. Bozen % 60,2 lortu du, Tom Dubois intsumisoak % 39,8 erdietsi duelarik.