Politika -
LAB sindikatuaren biltzarra
Otegik "gutxieneko programekin osatutako fronte zabalak" proposatu ditu etorkizuneko erronkei heltzeko
EH Bilduren koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du LABen 10. Biltzar Nagusian. Sindikalismoari "gogoeta" egiteko deia egin dio, "Nola lagundu burujabetza prozesuari?", galdetu du
Agentziak | EITB Media
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi duenez, datozen urteetan eta hilabeteetan bi aukera bakarrik egongo dira Espainiako Estatuan: "Bata, egungo egoeran egotea, eta bestea, olatu erreakzionario baten azpian egotea, eta horren aurrean, broma gutxi". Hala, horren ustez, beharrezkoa da "bloke nazional herritarra osatzea". Ildo horretan, EH Bilduk "errezeta" zein izan beharko lukeen argi duela azpimarratu du: "Gutxieneko programekin osatutako fronte edo itun zabalak".
Otegik agerraldia egin du LABen 10. Biltzar Nagusian. Gogorarazi duenez, "pobretze masibo baten dinamikan gaude munduan" eta, ingurumaria horretan, Euskal Herriak ez du etorkizuneko erronkei —dela klima aldaketa, dela zaintzaren krisia— aurre egiteko burujabetzarik.
Hain justu, gogoeta egin behar dela uste du EH Bilduko buruzagiak: "Geure buruari galdetu behar diogu zeintzuk estrategia erabiliko ditugun gure biziraupen nazionala bermatzeko, nola egingo diogun aurre subiranotasun falta horri, nola egingo diogun aurre errekonozimendu nazional falta horri".
"Beti pentsatu izan dugu proiektu subiranista independentista dela Euskal Herri langilegoari komeni zaiona. Horregatik da garrantzitsua sindikalismoak ere hausnarketa egitea eta pentsatzea nola lagunduko dion burujabetza prozesuari langileen ikuspuntutik, sindikalgintzaren aldetik", aldarrikatu du.
Aitortu duenez, EH Bilduk "ez ditu gauzak beti ondo egiten, batzuetan tronpatzen gara, baina aurrera egiten saiatzen gara". Bide horretan gehiengo sindikala bidelagun nahi duela esan du Otegik, "beti saiatzen gara gehiengo sindikalaren aldarrikapenak erakundeetara eramaten, eta horrela jarraituko dugu".
"LABekin ere egin nahi dugu bide hori, ulertzen dugulako bloke nazional herritar independentistaren parte dela", erantsi du. Halaber, ziur agertu da "Europan gero eta gehiago" direla ezkerra babesten dutenak. "Europan hazten ari den ezkerra ezker subiranista da", gaineratu du.