Politika -
Boto asmoari buruzko inkesta
EAJk irabaziko luke hiru aldundietan eta EAEko hiru hiriburuetan, Soziometroaren arabera
Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren emaitzak EITB Focusen oso antzerakoak dira. Salbuespen bakarra Bilborako aurreikusitakoa: Soziometroaren arabera, EAJk ez luke gehiengo osoa lortuko. Abstentzioak gora egingo luke 2019ko bozekin alderatuta, kasu gehienetan sei puntu gehiago.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gaur egingo balira, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) irabaziko lituzke Arabako Bizkaiko, Gipuzkoako foru hauteskundeak zein EAEko hiru hiriburuetako udal hauteskundeak, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak egindako Soziometroaren arabera.
Boto asmoari buruzko inkesta ekainaren 6tik 10erako tartean egin zuen Jaurlaritzak, eta EITB Focusek maiatzean egindakoarekin bat egiten du, oro har. EITB Mediarenak ez bezala, Soziometroak 2023ko bozetan aurreikusten duen abstentzioaren datua ere eman du: % 40koa izango litzateke, 2019an baino handiagoa (zenbait kasutan 6 puntukoa da aldea).
EAEn bizi diren 3.333 pertsonari (800, Araban; 1.449, Bizkaian eta 1.084, Gipuzkoan) egin zieten foru hauteskundeen inguruko inkesta. Araban, jeltzaleek lehen postua errepikatuko lukete, % 31,6ko boto estimazioarekin. EH Bildu bigarren indar izango litzateke, babesaren % 23,3rekin. Galdeketaren arabera, PSE-EEk botoen % 17 eskuratuko luke. "Popularrek" (% 14) eta Elkarrekin Podemosek (% 6,8) behera egingo lukete; Voxek, aldiz, gora (% 3,4). Dena dela, eskuin muturreko alderdiak ez luke ordezkaritzarik lortuko. Emaitzok ez du ezberdintasun handirik, gorabehera txiki batzuk kenduta (puntu erdiko aldea jeltzaleen, sozialisten eta Voxen kasuan), EITB Focusek utzitakoekin. Inkestaren arabera, abstentzioa % 41,5ekoa (ikerketak aurreikusten duen handienetakoa) litzateke, 2019an baino sei puntu gehiagokoa (% 35,8).
Bizkaian, EAJk gora egingo luke apur bat (% 44,6). Tarte dezentera, botoen % 22,2rekin, EH Bilduk bigarren lekuari eutsiko lioke, sozialistei (% 14,7) zazpi puntuko aldea aterata. Elkarrekin Podemosek behera egingo luke (% 7,8), eta gertu luke PP (% 7,3). EITB Focusek antzeko argazkia egin zuen, baina EAJri puntu bat gehiago eman zion boto estimazioan (% 45,7), eta babes gutxiago PPri. Abstentzioak % 40a gaindituko luke (% 40,5); duela hiru urtekoa % 34,2koa izan zen.
EITB Focusek bezala, Soziometroak ere lehia iragarri du Gipuzkoan EAJren eta EH Bilduren artean. Hurrenez hurren, babesaren % 36,4 eta % 33,5 lortuko lukete bi alderdiek. PSE-EE jaitsi egingo litzateke (%15,9), baita Elkarrekin Podemos ere (% 7). PPk 2019an lortutako babesari eutsiko lioke (% 4,7). Halaber, 10 herritarretik 4 etxean geratuko lirateke, Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearen arabera.
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udal hauteskundeetako emaitzei dagokionez (1.444 pertsonari egindako galdeketa oinarri), Soziometroa EITB Focusen antzekoa da, salbuespen bakarrarekin: Bizkaiko hiriburua, Jaurlaritzaren inkestak ez baitio gehiengo osorik aurreikusten EAJri.
Gainerakoetan, berdintsuak dira ondorioak. Gasteizen, EAJk eta EH Bilduk zinegotzi kopuruan berdinduko lukete (7na) eta bi puntuko aldea egongo litzateke boto estimazioan (% 24,3 eta % 22). PSE-EE egongo litzateke segidan, sei ordezkarirekin (% 20,4), eta PP, ondoren, bostekin (% 18). Elkarrekin Podemosek behera egingo luke lortutako zinegotzi kopuruan (2) eta boto estimazioan (% 4,6). Inkestaren arabera, Voxek babes gehiago lortuko luke (% 4,6), baina zinegotzirik ez. Abstentzioa % 40koa litzateke kasu honetan ere, baina 2019ko datuekin ez dago horrenbesteko alderik (% 36,75).
Arestian aipatu bezala, Soziometroak eta EITB Focusek aurreikuspen ezberdina egin dute Bilboko udal hauteskundeei dagokienez. Jaurlaritzaren galdeketaren arabera, EAJk irabaziko lituzke bozak, baina ez gehiengo osoarekin (14 zinegotzi —gaur egun bezala— eta botoen % 44,7). EH Bilduk eta PSE-EEk zinegotzi kopuru bera eskuratuko lukete (5) eta % 15eko babesa baino gehiago (% 15,9 eta % 15,4, hurrenez hurren). EITB Focusek, ordea, sozialisten ordezkari bat gehiago aurreikusten zuen, babes aldetik berdintsu egongo liratekeen arren. Bada ezberdintasun gehiago: Elkarrekin Podemosek (% 8,8) eta PPk (% 9) bi —2019an eskuratutakoa baino bat gutxiago— eta hiru ordezkari lortuko lituzkete, hurrenez hurren. EITB Focusen arabera, ordea, kontrakoa gertatuko litzateke: koalizio moreak bere hiru zinegotziei eutsiko lieke, popularren kaltetan. Abstentzioa % 41,5ean kokatuko litzateke.
Azkenik, Donostiako boto estimazio eta zinegotzi kopuruan Soziometroak ez du sorpresarik eman EITB Focusekin alderatuta. EAJk berriro irabaziko lituzke bozak, babesen % 37,1rekin eta 11 ordezkarirekin. EH Bildu bigarren indar izango litzateke berriro, baina ordezkari bat gehiagorekin (7) eta botoen % 22,7rekin (EITB Focusen arabera, % 24,7koa litzateke babesa). Sozialistek 2019ko datuei eutsiko liekete (% 17,2 eta bost ordezkari), eta Elkarrekin Podemosek eta PPk zinegotzi kopuru bera eskuratuko lukete (2), honako babesarekin: % 7,9 eta % 9,2, hurrenez hurren. Abstentzioa % 41ekoa izango litzateke, 2019an baino sei puntu gutxiagokoa.