Politika -
Memoria historikoa
Herritarren laguntza eskatu dute Gerra Zibilean erbesteratu ziren haur gipuzkoarrak identifikatzeko
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak hainbat artxibotan egindako bilaketei esker, 6819 kasu identifikatu dituzte lurraldean. Gerrako haurrak "pieza garrantzitsua dira gure herriaren eta lurraldearen memoria historikoaren eraikuntzan".
Agentziak | EITB Media
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren laguntza eskatu dute Gerra Zibilean erbesteratu ziren haurrak identifikatzeko eta euren memoria berreskuratzeko ikerketa baten datuak eta testigantzak osatzeko.
Hainbat artxibotan egindako bilaketei esker, 6819 kasu identifikatu dituzte lurraldean, baina bi erakundeetako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, orain kasu bakoitzeko testigantzak eta datu osagarriak bildu nahi dituzte, eta horretarako "ezinbestekoa da gipuzkoarren laguntza, erbesteratu haien memoria bizirik mantendu duten ondorengoen eta herritarren laguntza, alegia".
Adingabe horietako gehienak Frantzian (3.139), Katalunian (1.796), Belgikan (334), SESBen (466) eta Erresuma Batuan (180) hartu zituzten. Argentina, Danimarka, Dominikar Errepublika, Herbehereak, Madril, Mexiko, Suitza, Txile, Uruguai, Valentzia, Kuba, Argentina eta Venezuelan ere aurkitu zuten babesa, besteak beste.
Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, Julia Monge eta Josu Chueca Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideekin batera, azaldu duenez, "gudan parte hartu ez bazuten ere, hark eragindako sufrimendua jasan zuten, haurrak zirela jasan ere".
"Beldurra, bonbardaketak, senitartekoengandik aldentzea eta, azkenik, gurasoen babesik gabe erbestera joan beharra. Haietako asko ez ziren gehiago Euskal Herrira itzuli", gogorarazi du, eta gerrako haurrak "gure herriaren eta lurraldearen memoria historikoa eraikitzeko garaian pieza garrantzitsua" direla gaineratu du.
Ikerketaren helburua Gipuzkoan jaiotako Gerra Zibileko haurrak identifikatzea da, haien izen-abizenekin, eta baita bakoitzaren bizitzaren argazki bat eta historia labur bat lortzea ere. Oraindik bizirik daudenen artean, gainera, elkarrizketa sakonak egiten ari dira. Orain arte 45 pertsona elkarrizketatu dituzte.
Herritarren laguntza
Azken hilabeteetan arreta-bulegoak jarri dituzte Irunen, Eibarren, Soraluzen eta Tolosan, eta ekainean Andoainen irekiko da, Oroituz taldearen laguntzarekin, herritarren laguntza jasotzeko beste bat. Bulego ibiltari hori Gipuzkoako Foru Aldundian ere egongo da ekainaren 27an eta 29an, eta uztailaren 11n eta 12an, 10: 00etatik 14: 00etara, Gunean.
Ikerketaz gain, Foru Aldundiak haur horien memoria aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldi bat antolatzeko asmoa du.