Politika -
Kongresua
Erregearen bortxaezintasuna mugatzeko lege-proposamena atzera bota dute PSOEk eta PPk
Erregea ikertu eta epaitu ahal izateko lege-proposamena aurkeztu zuen EAJk, baina PSOEk eta PPk ekimenari betoa jarri diote eta, ondorioz, monarkia espainiarrak ukiezina izaten segituko du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den astean, EAJk lege-proposamen bat aurkeztu zuen Espainiako erregearen bortxaezintasuna mugatzeko, baina gaur ekimena bertan behera utzi dute PSOEk eta PPk.
Kongresuko zerbitzu juridikoek ebatzi zuten proposamen horrek Espainiako Konstituzioa urratuko lukeela eta ekimen hori gauzatzeko modu bakarra Konstituzioa erreformatzea izango litzatekeela.
Abokatuen ebazpena ez da loteslea, baina PSOEk eta PPk argudio hori baliatu dute Kongresuko Mahaian egindako bozketan EAJren lege-proposamena indargabetzeko. Unidas Podemosek soilik bozkatu du ekimenaren alde.
Zehazki, EAJk Botere Judizialaren Lege Organikoko 55. artikuluan beste puntu bat gehitzea proposatu zuen, Auzitegi Gorenari Espainiako erregeak kargu horretatik kanpo egiten dituen ekintza pribatuak, hala nola, negozio partikularrak, ikertzeko eta epaitzeko eskumena aitortuz.
Alabaina, beste behin, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak beraien botoak batu dituzte erregearen bortxaezintasuna mugatzeko enegarren ekimena bertan behera uzteko.