Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Esteban: "PSOEk ez ditu inoiz ukitu nahi izan Espaniako monarkiari lotutako gaiak"
EAJk Kongresuan duen bozeramaileak kritikatu du PSOEk ez dituela inoiz gai batzuk "ukitu", monarkia edo sekretu ofizialen legea, kasu, ausardia faltagatik, "egiturazko erreforma" horietarako gehiengoa izan duen arren.
Mikel Dominguez | EITB Media
Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak Espainiako Alderdi Sozialistari aurpegiratu dio ez dela inoiz ausartu monarkiari lotutako gaietan esku hartzera, egiturazko erreformak egiteko gehiengoa izan badu ere.
Espainiako erregearen bortxaezintasuna mugatzeko lege-proposamena aurkeztu zuen joan den astean EAJk, baina PSOEk eta PPk atzera bota dute ekimena, Kongresuko zerbitzu juridikoek Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi ostean.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Estebanek esan du, Kongresuko abokatuen iritziaren aurka, Konstituzioaren Bigarren Tituluak jasotako bortxaezintasuna "interpretatzeko" lege bat egon beharko litzatekela. Kontrakoak "mugiezintasuna dakar, Konstituzioaren erreforma oso zaila baita", gehiengoen ondorioz.
"Zarzuelak berak ankilosatuta geratu nahi badu, ez du etorkizunik izango", iragarri du Estebanek, eta uste du PSOEk ez dituela inoiz ukitu nahi izan gai garrantzitsu batzuk, monarkia edo sekretu ofizialen legea, esaterako, ausardia faltagatik, "egiturazko erreforma" horietarako gehiengoa izan duen arren. Jeltzalearen ustez, gai horietan erreformarik egon ez bada, "bere beldurragatik edo borondate edo konbentzimendu faltagatik" izan da. "Gakoa PSOE da", gaineratu du.
Jeltzaleak aitortu du "ezinezkoa" izango zaiola Espainiako Gobernuari berak proposatu zuen transferentzien egutegia betetzea, baina EAJk ez diola uko egingo gehiago adosteari. Transferentzia horietako batzuetan, jakinarazi duenez, lanean ari dira bi exekutiboak dagoeneko.
EAJk Espainian legegintzaldia agortzea nahi du, "baina baldintza egokietan". Estebanek azaldu duenez, EAJk zenbait kasutan akordioak lortu ditu, baina, batzuetan, "dagoeneko badugun autogobernua salbatu behar izan dugu", eta hori "ez da atsegina", Sanchezen Gobernua "aliatua eta laguna" denean, gainera. Bere ustez, EAJren ekimenetan ere pentsatu beharko luke Exekutiboak.