Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Gorka Urtaran: "Etorkizunera begira alternatiba onena aztertu beharko dugu trafikoaren egoera hobetzeko"
Gasteizko alkateak onartu du hiriaren hegoaldean trafiko arazoak egunerokoak direla puntako orduetan eta horri konponbidea eman behar zaiola, saihesbidearen aukera baztertu gabe.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak onartu du hiriaren hegoaldeko trafikoan egunero daudela arazoak eta etorkizunera begira alternatiba onena zein den aztertu beharko dela, saihesbidearen aukera baztertu gabe. Dena dela, alde batera utzi du Olarizutik igaroko litzatekeen saihesbide bat eraikitzeko aukera: "Olarizu eta eraztun berdea babestu behar dira, sarraski bat izango zitekeen, eta alternatiba hori guztiz baztertuta dago". Bien bitartean, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan gogora ekarri du dagoeneko hainbat neurri martxan jarri dituztela zirkulazioaren igarotze-denbora % 30-50 hobetzeko.
Trafiko arazoen errua autobus elektriko adimendunari egozten diote askok eta askok. Autobus adimendunak martxan jarri eta lehen hilabeteen ondoren, balorazio positiboa egin du Gasteizko alkateak. Horren esanetan, bidaiari kopuruari dagokionez, emaitzak oso onak izan dira eta ia pandemia aurreko datuak errepikatu dira. Dena dela, aitortu du kontziente dela, batez ere, hiriaren hegoaldeko trafikoak eraginak pairatu dituela eta arazo horiei konponbidea eman behar zaiela.
Pandemiak eragindako etenaren ostean, Gasteizko Jaiak iristeko irrikaz dagoela adierazi du Gorka Urtaranek. Halaber, azpimarratu du pertsonen arteko harremanak askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritu behar direla.
Eudeleko presidente ere badena oso kezkatuta agertu da eraso matxisten balizko gorakadarekin, eta jaietan eraso matxistak prebenitzeko gida hizpide izan du. Emakundek, Euskadiko Udalen Elkarteak eta hiru aldundiek osatu dute gida hori elkarlanean, Urtaranen hitzetan, "eraso matxistak ahal den neurrian ekiditeko, eta, gertatuz gero, erantzun sendo bat emateko". Ildo horretan, depredatzaileen kontra esku gogorra izatea eskatu du. "Indarkeria matxista da momentu honetan emakumeek pairatzen duten mehatxurik handiena eta, beraz, denok egon behar dugu oso gainean, kontrol soziala handia izan behar da", gaineratu du.