Politika -
Manifestazioa
Ernaiko zazpi kideren kontrako epaiketa "polizia-muntaia" dela salatu dute
Iazko maiatzaren 7an atxilotu zituen Ertzaintzak gazte antolakundeko zazpi lagunak, Bilbon. Ekainaren 15ean epaituko dituzte, eta 20.000 eurotik gorako isunak eta urtebete eta urte eta erdi arteko kartzela-zigorrak eskatzen dizkiete. Hori deitoratzeko manifestazioa egin dute gaur Bilbon.
I. R. | EITB MEDIA
Ehunka lagun batu da larunbat honetan Bilbon Ernaik deitutako manifestazioan. Horretan, 2021eko maiatzaren 7an gazte antolakunde horren deialdi baten harira Bizkaiko hiriburuan atxilotutako zazpi gazteen kontrako "polizia-muntaia" salatu eta gazte borrokak merezi duela aldarrikatu dute.
Ekainaren 15ean epaituko dituzte zazpi gazteak, eta 20.000 eurotik gorako isunak eta urtebete eta urte eta erdi arteko kartzela-zigorrak eskatzen dizkie Fiskaltzak eta ertzainek osatutako akusazio partikularrak. "Polizia-muntaia berri baten aurrean gaude, gazte borrokaren aurkako beste eraso batean, gezurrez beteko atestatuan ustezko autoritateari atentatu eta lesio-delitua egotzita", azaldu dute Ernaiko kideek.
Ez gaituzue geldituko! lelopean, 17:30ean hasi dute manifestazioa, Moiua plazatik abiatuta. Bertan izan dira, besteak beste, LAB sindikatuko kideak, baita Pentsionisten Mugimenduko eta lan-gatazketan murgilduta dauden hainbat kide ere. Tentsio-uneak bizi izan dira hainbat gazte BBVAko egoitza nagusiko paretan hainbat kartel itsatsi dituztenean; ertzainek kargatu egin du euren kontra, eta neska bat bortizki atxiki dute. Idenfitikatu eta aske utzi dute.
Ernaiko bozeramaile Ane Alavak azpimarratu du "ezerk ez duela Euskal Herriko gazteria geldiaraziko", eta salatu du datorren ekainaren 15ean Bilbon abiatuko den epaiketa "polizia-muntaia" dela. Izan ere, gogoratu duenez, iaz egindako mobilizazioetan euren eskubideak eta gazteen bizitza duina aldarrikatzeko atera ziren kalera, "besterik ez". Ondorioz, hori ezin dela delitua izan argudiatu du.
Mobilizazio horiek 2021eko maiatzaren 7an izan ziren, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Horietan, gazteen "larrialdi egoera" salatu eta bizitza duinen alde burujabetza eta eraldaketa soziala aldarrikatu nahi izan zuten. Gasteizen eta Bilbon, baina, Ertzaintzak zortzi gazte atxilotu zituen, bat Arabako hiriburuan eta gainontzekoak Bizkaian. Ernaik gogoratu duenez, atxilotuetako bi ospitalera joan behar izan ziren poliziak eragindako lesio eta zaurien ondorioz, eta manifestazioetan parte hartu zuten beste 60 lagun inguruk ere zauriak pairatu zituzten. "Jipoituak izan baginen, atxilotu bagintuzten, gazteon egoeraren erantzule zuzena den Eusko Jaurlaritzak bere arduragabekeria estaltzeko beste biderik ez duelako izan zen", adierazi zuten Ernai gazte antolakundeko ordezkariek gaurko manifestazioa iragartzeko apirilean egindako agerraldian.