Politika -

ARKAUTI

Lehendakariak "elkarbizitzaren hazia ereiten jarraitzea" eskatu du, "indarkeria berriz loratu ez dadin" 

Iñigo Urkullu sei kondekorazio banatu eta 23 ertzain zoriondu dituzten ekitaldiaren buru izan da, urtero egiten den zeremoniaren baitan. Gainera, ETAK hildako 15 ertzainak omendu dituzte.

Arkauti Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, gaur eguerdian. Argazkia: EITB Media
Arkauti Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, gaur eguerdian. Argazkia: EITB Media
Ertzaintzaren konpromisoa eta zerbitzua eskertu ditu lehendakariak Arkautin

01:25

IKER GONZALEZ | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Indarkeria inoiz gehiago loratu ez dadin, elkarbizitzaren hazia ereiten" jarraitzeko eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Ertzaintzako agenteen artean kondeorazioak banatzeko eta horien lana eskertzeko urtero egiten den ekitaldian. Aurten, sei ertzaini eman diete domina, eta 23 zoriondu dituzte, euren ibilbidean egindako lanagatik. 

Ekitaldia Arkauti Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan egin dute eta, gainera, minutu bateko isilunea eta bi txapel gorriren eskaintza egin dute monolito baten aurrean, lanean ari zirela hil diren Ertzaintzaren agenteen omenez. Ondoren, ETAk hildako 15 ertzainak ere omendu dituzte.

Hitzaldian lehendakariak esan duenez, "duela ia 11 urte ETAk amaiera iragarri zuen eta duela 4 behin betiko desegin zela. Nahiz eta garai berri batean gauden, indarkeriarik gabe, nahiz eta garai berri hau elkarbizitza eta adiskidetzean oinarritzen den, ezin diogu utzi oroitzeari, gogoratzeari ezta omentzeari ere. Ez genioke utzi beharko".

Horren ildotik, lehendakariaren esanetan, beharrezkoa da "elkarbizitzaren hazia ereiten jarraitzea, indarkeria inoiz gehiago loratu ez dadin". "Horren memoria ertzainen belaunaldi berrientzat eta euskal gizartearentzat mantendu behar dugun legatua da", gehitu du.

Dozenaka ertzainek eta omendutako agenteen lagun eta senideek hartu dute parte ekitaldian, erakundeetako eta polizia-sindikatuetako ordezkaritza zabal batekin batera.

Sei kondekorazio, merezimenduzko ekintzengatik

-Angel Gil, Ricardo Bañuelos eta Manuel Santos Lopez: Istripuak Berreraikitzeko Atala, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko zerbitzu zentralen barruan lan egiten duten hiru agentek domina bana jaso dute, 2015ean egindako ikerketa lanagatik, Leyre Rodriguezen hilketaren harira. Emakumea bere senarrak hil zuen, eta ondoren istripua simulatu zuen, Abusun.

-Ruth Ortega Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren taldeko kidea, zenbait jardueretan parte hartzeagatik, esaterako, "Prebentzioa komunikaziotik" deitutako programan, dibulgazio jardueretan, errefuxiatu, migratzaile eta nagusien formakuntzan, eta ONCE zein Gurutze Gorrirako prebentzio jardueretan.

-Roberto Izaga, Polizia Zientifikoaren agentea, ekitaldi zientifiko-kriminalistetan eta dibulgazio jardueretan parte hartzeagatik.

-Jorge Oscar Figini, Buenos Aires (Argentina) Probintziako Poliziako kideak ere, domina jaso du Ertzaintzaren eta Polizia horren elkarlanaren alde egindako lanagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Iñigo Urkullu Eguneko albisteak Albisteak