Politika -

Euskara

Paueko Auzitegiak atzera bota du Seaskak Hezkuntza Ministerioaren aurka jarritako helegitea

Seaskak auzitegira jo zuen azterketak euskaraz egiteko ituna bete dadin, baina epaileak ez du auziaren muina aztertu, helegitea aurkezterakoan prozedura desegokia erabili duela argudiatuta.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Baionan egindako bilkura. Argazkia: Seaska
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Baionan egindako mobilizazio bat.
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Baionan egindako bilkura. Argazkia: Seaska

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Frantziako Hezkuntza Ministerioak azterketak euskaraz egiteko hitzarmena urratu duela salatuz aurkeztu zuen helegitea.

2019an egindako itun horrek baxoko azterketak euskaraz egitea ahalbidetzen du, baina Bordeleko akademiako errektoreak akordioa aplikatzeari uko egin dio beti. Gauzak horrela, Seaskak auzitara jotzea erabaki zuen.

Epaileak, baina, atzera bota du Hezkuntza Ministerioaren aurkako helegitea, Seaskak prozedura desegokia erabili duela argudiatuta eta, beraz, ez du auziaren muina aztertu.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Euskadi Irratian adierazi du bazekitela "Estatuaren kontra jotzea konplikatua" izango zela eta deitoratu du epaileak ez duela ausardiarik izan. "Aitzakia tekniko bat baliatu du, auziari ez erantzuteko", kritikatu du.

Seaskak urteak daramatza Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea dutela aldarrikatzen. Azken hilabeteetan protesta ekintzak areagotu ditu eta Bordeleko errektorearekin ere bildu ziren, baina, azkenean, epaitegira jotzea erabaki zuten, bide judizialetik bere helburua lortzeko asmoz.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika albisteak Iparraldea albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea