Politika -
EITB FOCUS
Vox: "Ez ditugu sukaldatutako inkestak sinisten, kalean jasotzen dugun inkesta da guretzat inportanteena"
Amaia Martinez eskuin muturreko legebiltzarkidearen ustez, "goizegi" da hauteskundeez hitz egiteko. "Guri egunez egun jardutea gustatzen zaigu, ez urtebetera begira", erantsi du.
EITB MEDIA
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak esan du bere alderdiak ez dituela "sukaldatutako inkestak sinisten, onerako zein txarrerako", eta horren ordez, "kaleko inkestari" erreparatzen diotela azpimarratu du: "Jendeak gero eta babes handiagoa ematen digu, eta gure mezua herritarren artean zabaltzen ari da".
Hala erantzun du EITB Focusek 2023ko udal hauteskundeei begira herritarren boto asmoaz egindako inkestaren emaitzen inguruan galdetu diotenean. Galdeketaren arabera, gora egingo luke Santiago Abascalen alderdiak hiru hiriburuetan, baina hori gorabehera, ez luke zinegotzirik lortuko.
Martinezen hitzetan, "goizegi" da hauteskundeez hitz egiteko, eta urtebete baino gehiago falta dela gogorarazi du. Nabarmendu duenez, "guri egunez egun jardutea gustatzen zaigu, ez urtebetera begira".