Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Pello Otxandiano: "Inkesta guztiek diote EH Bildu goranzko joera batean dagoela"
EH Bilduren Programa zuzendariak EITB Focus 2023ko udal hauteskundeetako boto asmoari buruzko inkestaren balorazioa egin du. Horren esanetan, EH Bilduren goranzko joera horrek konfirmatzen du ezkerreko subiranismoaren proiektua sendotzen ari dela.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
2023ko EAEko udal hauteskundeetarako boto asmoari buruz gaur kaleratutako EITB Focus inkestaren arabera, EAJ nagusituko da Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gainera, Bizkaiko hiriburuan gehiengo osoa lortuko luke. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, datu horien inguru galdetu diote Pello Otxandiano EH Bilduren Programa zuzendariari. Horren hitzetan, inkesta bat da, oraindik urtebete falta da, eta benetan balioa duena tendentzia da. Zentzu horretan, "inkesta guztiek diote EH Bildu goranzko joera batean dagoela", azpimarratu du. Gaineratu duenez, goranzko joera horrek konfirmatzen du "ezkerreko subiranismoaren proiektua sendotzen ari dela".
Pello Otxandianoren ustez, EH Bilduk erakutsi du hilabete eta urte hauetan adostasunak lortzeko eta aliantza ezberdinak jorratzeko gaitasuna eta "hori islatuko da hurrengo hauteskundeetan". EH Bilduren aukeren inguruan itxaropentsu mintzatu da: "Fase politiko bat atzean uzten ari gara, normaltasun politiko batera, eta datozen garaietan aukerak zabalduko dira". Are gehiago, hurrengo hauteskundeen ondoren hiriburuetan EH Bilduk gobernu ardurak hartzeko aukera izango duela nabarmendu du.
Pandemiaren ondorengo testuinguruan, ohiko politikarekiko mesfidantza eta urruntzea antzematen ditu gizartean eta, ildo horretan, uste du hurrengo hilabeteetako eztabaida politikoak eragina izango duela, besteak beste, abstentzioan.
EH Bilduko ordezkariaren iritziz, posible izango da Elkarrekin Podemosekin eta PSE-EErekin aliantzak egitea, "aliantza horiek naturalak eta normalak direlako". Halaber, EAJrekin ere beste toki batzuetan adostasunak lortzea posible izan behar duela gehitu du.