Politika -

DOKUMENTUA

"Lidergo eta gehiengo berriak" bilatuko ditu EH Bilduk, "aro-aldaketarako"

'Euskal Eredua. Herri Hobe Baten Alde' izeneko dokumentuan Euskal Herriaren egungo egoera sozio-politikoaren diagnostikoa jaso du koalizioak, eta "aro-aldaketa" baten aurrean gaudela irizten dio: iraganeko "sen komunitarioa" eta "askotariko lidergoak" berreskuratu nahi ditu.

EH Bilduko buruzagintza, koalizioak iaz egindako Kongresuan. Argazkia: EFE
EH Bilduko buruzagintza, koalizioak iaz egindako Kongresuan. Argazkia: EFE
EH Bilduko buruzagintza, koalizioak iaz egindako Kongresuan. Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Nola egin aurre gizateriaren historian hain berezia den une historiko berezi honi?" Galdera hori abiapuntuan jarrita, EH Bilduk eraiki nahiko lukeen etorkizuneko herri proiektu berrirako zedarriak bildu ditu, 'Euskal Eredua. Herri Hobe Baten Alde' goiburupean landu duen txostenean. "Faktore geopolitiko eta ekologikoek" eragindako "marko erregresiboari" aurre egiteko "konponbide berriak, lidergo berriak eta gehiengo berriak" eraiki nahi ditu koalizioak.

Aurkeztu duten bide-orriak bost erronka nagusi aipatzen ditu: "subiranotasun estrategikoa indartzea, ongizate egiturak eraldatzea, ezagutza-sistemak berritzea, identitate komunitarioa berritzea eta segurtasun-propioa garatzea". Horiek erdiesteko, "gehiengo soziopolitiko berriak artikulatu" behar direla uste du EH Bilduk, eta argi du hori ezin duela "indar politiko batek bakarrik" egin. "Aitzitik, modu eta eremu askotan adierazi behar diren gehiengo soziopolitiko berrien bidez baino egin ezin daitekeen langintza da", jaso dute dokumentuan.

Epe laburreko "interes alderdikoiak alde batera" uzten direnean, itun politikoak "gizarte-prozesu zabalagoen palanka bihurtzen direla irizten dio ezker abertzaleko koalizioak. Bide horretan, herri mailako akordioak egiteko aukera ikusten du, "batzen gaituena asko" delako eta "akordiook egingarriak" direlako. Hitzez hitz, horrela jaso dute txostenean: "hitzarmenak ez dira berez helburu, baizik eta gure herriaren eraikuntza sozialean eta nazionalean aurre egiteko bitarteko". Eta itun horiei bide emateko, "pragmatismo eraldatzailea" proposatzen da, "ideien eztabaida saihesten ez duena, beharrezkoa denean konfrontatzen duena, baina aldi berean akordioak lortzeko, indarrak eta borondateak batzeko eta topagunean ahalbidetzeko gai dena".

Atzera begira jarrita, "askotariko lidergoen" eta "tradizio politiko desberdinen" ekarpenei begiratzen dio EH Bilduk, egungo Euskal Herria ulertzeko. Hor kokatzen ditu euskalduntze prozesuak edota ikastolen eta kooperatiben sorrerak. Egitasmo horiek martxan jartzeko erdigunean jarri zituzten balioak berreskuratzea ezinbestekoa dela azaldu du: "amets egiteko nahi kolektiboa, ikuspegi komunitario sendoa garapenaren ulerkeran eta berdintasun-zentzu argia".

"Sen komunitarioa berreskuratu"

Azken hamarkadetan Euskal Herrian egin dena, "modu kolektiboan", "ikuspegi komunitario batekin" eta "askotariko herritarren lan eskergari" esker egin dela nabarmendu dute txostenean. XX. Mendearen bigarren erdialdean "abiatutako eraldaketa prozesua" ekarri dute gogora, "lidergo ugarien bidezko talde lana" izan zela nabarmentzeko. Eredu hori da EH Bilduk berreskuratu eta "etorkizunera proiektatu" nahi duena, "sen komunitarioan" ardaztuta. Izan ere, egungo agertoki sozio-politikoari erreparatuta, EH Bilduk ondorioztatzen du "iraganeko inertziak kudeatzen" ari dela herri hau, une historiko honek  aurrean jartzen dituen erronkei aurre egiteko "ikuspegi estrategikorik" eta "lidergo eraldatzailerik" izan gabe.

Are, EH Bilduren diagnostikoaren arabera, euskal gizarteak parean duen "bidegurutzea bikoitza" da eta "salbuespena arau" bihurtu da: "aberastasunaren banaketa vs. gizartearen txirotzea; ekoizpen eta kontsumo moduen eraldaketa vs. kolapso ekonomikoa eta ekologikoa". Horren aurrean, "neurri aringarrietatik haragoko egiturazko jarduerak" aipatzen ditu: besteak beste, energia merkatuan esku hartzea, errentak babestea eta aberastasunaren birbanaketa. Hala, "premiazko da fiskalitate progresibo eta bidezkoago bati buruzko eztabaida planteatzea, sozialki  aurreratuenak diren Europako herrialdeetako antzeko presio fiskala ekarriko duena".

Halaber, iraultza teknologikoa eta krisi soziodemografikoa jarri ditu aro berriko euskal ereduaren jomugan EH Bilduk. Batetik, teknologia berriak prozesu demokratizatzaileentzat "aukera" modura ikusten ditu, "gobernu irekia delakoarentzat".  Eta bestetik, etorkizunean "geroz eta anitzagoa" izango den gizartearen "kohesioa indartzeko" bideak ahalik eta azkarren aktibatzearen premia nabarmendu du.

'Euskal Eredua. Herri Hobe Baten Alde' dokumentua Euskal Herriko gainerako eragile sozial, politiko eta sindikalekin partekatuko du, orain, EH Bilduk, epe laburrean hasi asmo duen bilera-erronda baten bidez, akordio anitz eta zabalen bila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Araba Iparraldea albisteak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Nafarroa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zuberoa Lapurdiko berriak Nafarroa Beherea