Politika -
Memoria Historikoa
Donostiako Polloe hilerriko mausoleo frankistaren plaka kendu dute
Donostiaren defentsan parte hartu zuten 17 miliziano eta gudariren gorpuzkiak gordetzen dituen panteoiaren udal-titulartasuna behin egiaztatuta, Donostiako Udalak kendu egin du plaka. Aranzadik egin berri duen txosten baten arabera, ez zuen Memoria Historikoaren Legea betetzen.
Agentziak | EITB Media
Donostiako Udalak Polloe hilerriko mausoleo frankistako plaka kendu du, panteoia udal-titulartasuneko dela egiaztatu ostean, "Memoria Historikoaren Legea urratzen baitzuen".
Ane Oyarbide Donostiako Eskubide Zibilen zinegotziak ohar batean azaldu duenez, Polloeko hilerriko langileek asteazken goizean kendu dute Martirien Mausoleoa deiturikotik bertan lurperatutako matxinatu frankisten memoria jasotzen zuen plaka.
Zinegotziak gogorarazi duenez, "Udalak Aranzadiri duela gutxi eskatu zion txostenaren arabera, panteoi horretan, gutxienez, Donostiaren defentsan parte hartu zuten 17 milizianoren eta gudariren gorpuzkiak agertu ziren". Era berean, txostenak berretsi egin zuen mausoleo horren udal-titulartasuna; panteoiak Memoria Historikoaren Legea betetzen ez zuen plaka bana zuen bi aldeetan, eta, plaka hori kendu eta biltegiratu egin dute orain.
Kendutako plakan honakoa zetorren "Beren idealak, Jainkoarenak eta Espainiarenak defendatzeagatik eraildakoei. Otoitz bat haien arimaren alde" ('A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas').