Politika -
Polonian preso
Poloniako epaitegi batek beste hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalez kazetariaren espetxealdia
Fiskaltzak egindako eskaera onartu du epaitegiak, bestelako azalpenik eman gabe. Gonzalezek hiru hilabete daramatza inkomunikatuta Poloniako kartzela batean, tarte honetan ez du abokatuarekin eta familiarekin hitz egiterik izan.
Eider Garaikoetxea O.| EITB Media
Pablo Gonzalez euskal jatorriko kazetariak beste hiru hilabete eman beharko ditu preso eta inkomunikatuta, Przemysleko (Polonia) lurralde epaitegiak gaur ebatzi duenez. Poloniako Fiskaltzak egindako eskaerari men egin dio epaitegiak, bestelako azalpenik eman gabe.
Bartosz Rogasa Gonzalezen abokatuak eman du albistea, eta ebazpenaren kontrako helegitea iragarri. Azaldu duenez, Poloniako legearen arabera ezin dituzte epaileen argudioak publiko egin: "Saioa aurretiazko izapideen parte da, sekretupean dago auzia".
Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Polonia eta Ukraina arteko mugan, gerraren eta horren ondorio berri ematen ari zela. Ordudanik, inkomunikazio egoeran dute, eta ez du abokatuarekin eta familiarekin hitz egiterik izan. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak Errusiaren espioi izatea egotzi dio kazetariari.
Atxilotu eta gutxira, hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia, maiatzaren 29ra artekoa, ezarri zion epaitegiak, baina gaurko erabakia tarteko, abuztuaren amaierara arte luzatuko diote.
Aske uzteko eskaerak
Gonzalezen senitarteko eta lagunek, baina baita kazetarien elkarteek ere, tartean EITBko Erredakzio Kontseiluak, atxiloketa eta espetxealdia salatu dute. Europako Kontseiluak berak prentsa askatasunaren eta informaziorako eskubidearen aurkako erasoa zela adierazi zuen.
Apirilean, Gonzalezen eskubideak errespetatzeko eskaera egiteko sinadura bilketa abiatu zuten senide eta lagunek change.org plataforman. Orain arte, horren aldeko ia 38.000 sinadura batu dituzte.
Hilabete hasieran, Oihana Goiriena kazetariaren emazteak eta Gonzalo Boye Espainian duen abokatuak agerraldia egin zuten Nafarroako Parlamentuan Gonzalezen egoera "legezkotasun orotik kanpo" dagoela salatzeko eta Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatzeko.
Oso bakanak izan dira Espainiako Gobernuak auzi horri buruz egindako adierazpenak. Pedro Sanchezek apirilean Kongresuan nabarmendu zuenez, gaia "arretaz" jarraitzen ari zen. Sanchezen hitzetan, kazetariak berak eskatu omen zien bere auziaren inguruko zenbait kontu ez kaleratzea.