Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Barkos: "PSNk hanka bat du Nafarroako erregimen zaharrean. Anbizioa falta izan zaio"
Enrique Mayak (Na+) "populismoen kontra indarrak batzeko" egindako eskaintzari erantzunez, Geroa Baiko bozeramaile parlamentarioak nabarmendu du koalizioa ez dela "konfrontazioan oinarritutako politikak tartean dituen akordio handietan izango".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Uxue Barkos Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen iritziz, "PSNk hanka bat du oraindik Nafarroako erregimen zaharrean". Ildo horretan, "anbizioa" eskatu dio hurrengo legegintzaldira begira.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean Nafarroako presidente izandakoak gogorarazi duenez, sozialistek "Navarra Suma jarri zuten Iruñeko zein Iruñerriko hainbat udal gobernuetan, eta aurrekontuetan babesten jarraitu dute". Horren ustez, "begi-bistakoa da PSNk hanka bat aniztasunaren, aurrerabideen eta akordioen politiketan, eta beste bat Nafarroako erregimen zaharrean. Errealitate bat da, baina ez da mugitu ezin den errealitatea".
Geroa Baik aldaketarekiko konpromisoa baduela aldarrikatu du, eta horren alde lanean jarraituko duela erantsi, bai Nafarroako Gobernuari begira zein udaletan. "Uste dut Geroa Bai erabakigarria izango dela Iruñean zein Iruñerrian aldaketa hori egonkortzeko", azaldu du. Aitortu duenez, koalizioko Nafarroako presidentegai izateko prest dago berriro, baina ohartarazi du oraindik zabalik daudela koalizioa berriro osatzeko Geroa Socialverdes eta EAJren arteko negoziazioak. "Bide onetik doaz", argitu du.
Enrique Maya Iruñeko alkateak Radio Euskadiko beste elkarrizketa batean egin zion eskaintzari buruz —"populismoen kontra indarrak batzeko" deia egin zion Geroa Bairi— galdetuta, honakoa erantzun du Barkosek: "Geroa Bai ez da egongo konfrontazioan oinarritutako politikak tartean dituen akordio handietan izango, oso argi dugu bidea ez direla itun zehatzak edota fronteen politika". Hala, "azken 40 urteetan egindako politika aztertzeko" deia egin dio UPNri, eta berretsi du alderdi erregionalistari dagokiola "trantsitu hori" egitea.