Politika -
Elkarrizketa ETB-N
Estrategikoak diren sektore industrialak errotzeko "funts burujabe bat" sortzea aldarrikatu du Otegik
2023an egitekoak diren foru eta udal hauteskundeei buruz, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du Gipuzkoan irabaziko dutela baina "lehia beste leku askotan" egongo dela aurreratu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, Siemens Energyk Siemens Gamesaren % 100 erosteko iragarpenak agerian utzi du Euskal Herria "galtzen ari dela bere ehun industrialaren lehiakortasuna eta jabegoa", eta horren aurrean estrategikoak diren sektore industrialak errotzeko "funts burujabe bat" sortzea aldarrikatu du.
Otegi ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, multinazional alemaniarrak iragarritako asmoen ondorioez mintzatu da, eta "logika kapitalistaren" alorrean kokatu du egoera. Bestalde, bigarren gogoeta bat ere eskatu du, uste baitu erakundeek inbertsio eta politika publikoak egin beharko lituzketela enpresak errotzeko eta erabakigunea hemen uzteko, eta Frantziako Estatuak berak halako estrategia duela aipatu du. EH Bilduko buruzagiaren aburuz, "Euskal Autonomia Erkidegoak dirutza aurreztu du, eta hori funts bat eratzeko erabili beharko luke, gure eskalan bada ere".
Foru eta udal hauteskundeak ate joka (urtebete barru dira) direla eta, koalizio subiranistako koordinatzaile nagusiak honakoa esan du: "Gipuzkoan irabaziko dugu, baina lehia ez da Gipuzkoan bakarrik izango, uste dut elektoralki gora goazela, eta lehia leku askotan egongo dela". Ahaldun nagusirako hautagaia nor izango den ez du aurreratu Otegik —irailean aukeratuko du militantziak—, baina iragarri du hautagai "oso potentea" izango dela; "emakumea izatea nahiko nuke", gaineratu du.
Horren ildoan, nabarmendu du EH Bilduk baduela "abantaila" beste indar politiko batzuekin alderatuta, "beste alderdi batzuek interesak dituzte irabazteko, gu oposizioan geratzen bagara, ez da ezer gertatzen, ez dugu jendea kolokatu behar, eta horrek askatasun handia ematen digu".
Azkenik, lidergo berriak eratzearen beharraz mintzatu da, eta horretan "siglez ahazteko" deia egin du. Otegiren esanetan, "ez da siglen lehia bat, bestelako politika publikoen alde dagoen gehiengo bat batzea baizik". Azpimarratu duenez, "guk defendatzen ditugun ideiak gero eta zabalduagoak dira, baina ez dugu ikusten hori sigletatik. Siglen inguruko metaketek ez dute ondo funtzionatzen herri honetan, jendea politikatik urruntzen dutelako eta hori guri arriskutsua iruditzen zaigu, autoritarismoari ateak zabaltzen dizkiolako".
Hala, "pazientziarekin, jendea seduzitzeko" ahalegina egingo dutela iragarri du, eta abstentziotik, "abertzaleen ikuspegitik anbizio nazionala mugatuta ikusten dutenen" artetik eta "ezkerretik" boto emaileak erakartzen saiatuko direla erantsi du.