Politika -
UDAL HAUTESKUNDEAK
Rocio Vitero izango da Gasteizko alkatetzarako EH Bilduren hautagaia
Gainera, koalizio subiranistaren Mahai Politikoak Unai Fernandez de Betoño egungo legebiltzarkidea proposatu du alkateorde izateko.
EITB MEDIA
Rocio Vitero izango da EH Bilduren alkategaia datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan. Gasteizko EH Bilduko Mahai Politikoak hura proposatu du alkategai izateko, eta berea izan da hautagaitzak erabakitzeko prozesuan aurkeztu den bakarra.
Militantziak berretsi ezean, beraz, egungo zinegotzia izango da Arabako hiriburuko alkatetzarako EH Bilduren hautagaitzaren burua. Viterorekin batera, EH Bilduk Unai Fernandez de Betoño proposatu du alkateorde izateko.
Vitero (Gasteiz, 1980) EH Bilduren udal taldeko zinegotzia da 2019tik, eta gizarte langilea da ogibidez; gizarte politiken ikuskaritzan aditua. Era berean, Aterpe udal zentroko arduraduna izan da eta Sidalava elkartea koordinatu eta kudeatu du.
Unai Fernandez de Betoño, berriz, arkitekturan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hirigintza irakaslea da. Hainbat urtez Ensanche 21 sozietate publikoko sailburu izan da, eta, gaur egun, EH Bilduko legebiltzarkidea da eta etxebizitza, lurralde-antolamendua, mugikortasuna eta suspertze ekonomikoa bezalako alorrak jorratzen ditu.