Politika -
PRESOAK
Parisko Apelazio Auzitegiak baldintzapeko askatasuna eman dio Izaskun Lesaka ETAko presoari
Aske gelditzearekin batera Frantziatik kanporatuko dute. Neurria maiatzaren 23tik aurrera gauzatuko da.
EFE | EITB MEDIA
Parisko Apelazio Auzitegiak baldintzapeko askatasuna eman dio Izaskun Lesaka ETAko presoari, baina oraindik espetxean jarraitzen du. Maiatzaren 23tik aurrera aske utzi eta Frantziatik kanporatuko dute. Preso nafarrak ez du auzirik zabalik Espainiako Justiziarekin.
Izaskun Lesaka 2012ko urritik dago espetxean eta zigorraren azken fasean dago.
Maritxu Paulus Basurco bere abokatuak EFE albiste agentziari ostiral honetan azaldu duenez, atzo Parisko Apelazio Auzitegiak atzera bota zuen Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak baldintzapeko askatasunaren aurka jarritako helegitea. Teorian, astelehenean gauzatuko da erabakia, baina litekeena da egun batzuk atzeratzea.
Aske gelditzeak, bere kasuan, Frantziatik kanporatzea eragingo du epaitu zutenean sartzeko debekua ezarri ziotelako.
Espainian prozedura judizialik irekita ez duenez, libre geratuko da.
Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide 2012ko urriaren 28an atxilotu zituzten Macon hirian (Frantzia). 2018ko otsailean, sei eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zieten, hurrenez hurren.