Politika -
MONARKIA
Errege emerituak etengabe Justiziari iskin egiten diola eta gizarteari azalpenak zor dizkiola uste du Urkulluk
Halaber, monarkiaren errepublikanizazioa aldarrikatu du bortxaezintasuna ezabatzeko, eta gardentasuna eta zintzotasuna bermatzeko.
EITB MEDIA
Espainiako errege emerituaren itzuleraz hitz egin du Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarraren atarian. Lehendakariaren esanetan, Juan Carlos I.ak behin eta berriro iskin egiten dio Justiziari eta, ildo horretan, gardentasuna eta zintzotasuna helburu hartuta, gizarteari azalpenak ematea ezinbestekoa da.
Legebiltzarrera sartu aurretik kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, monarkiaren errepublikanizazioa aldarrikatu du lehendakariak, besteak beste, erregearen bortxaezintasuna ezabatzeko. "Legearen aurrean denok berdinak bagara, denok egin beharko genuke gardentasun eta zintzotasun ariketa bat", gehitu du.
Lehendakariak gaineratu duenez, egindako guztiaren inguruko argibideak eman behar dizkio gizarteari.
Espainiako errege emerituak lehen geldialdia Sanxenxon (Galizia) egingo du, bela estropada bat tarteko. Ironia erabilita lehendakariak esan du "iskin egitea" eta "estropadak egitea" (regatear, gazteleraz) dela Juan Carlos I.ari gehien gustatzen zaiona.