Politika -

Erronka demografikoa

200 euroko laguntza hilean seme-alabengatik eta Haurreskolak doakoak izango direla iragarri du Jaurlaritzak

Lehendakariak “negu demografikoari” aurre egin eta laguntza sistema “iraunkor eta jasangarria” sustatzeko proposamenak aurkeztu ditu, jaiotze tasari ez ezik, emantzipazioari ere bultzada emateko.

Lehendakaria, gaur, Legebiltzarrean. Argazkia: EITB MEDIA
Lehendakaria, gaur, Legebiltzarrean
Jaurlaritzak 200 euroko zuzeneko laguntzak iragarri ditu seme-alaba bakoitzeko, hiru urtera arte

1:09

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak zenbait proposamen aurkeztu ditu erronka demografikoari aurre egiteko, besteak beste, 200 euroko laguntza zuzena hilean ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte, eta Haurreskolen zerbitzua doakoa, 0-2 urteko etapan.

Hala adierazi du lehendakariak gaur, asteazkena, Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkura monografikoan, Demografia Estrategiari buruzko norabidea, lehentasunak eta ekimen garrantzitsuenak talde parlamentarioen artean eztabaidatu, partekatu eta zehazteko, EH Bilduk proposatuta.

Urkulluk Euskadiko egoera demografikoaren erradiografia egin du eta, nabarmendu duenez, "Euskadi, Espainiako Estatuarekin eta Italiarekin batera, jaiotza-tasarik baxuenak  dituzten Europako herrialdeen artean dago". EAEkoa 1,28koa da emakume bakoitzeko; Frantzian 1,96 eta Suedian 1,85, esaterako.

"Negu demografikoa edota gainbehera demografiko gisa definitu daitekeen panorama honek okerrera egin du azken krisialdien eraginez", azaldu du lehendakariak.

Hala, Jaurlaritzak aurkeztutako estrategiaren baitan 37 ekintza daude jasota, horietako batzuk nabarmenak jaiotze-tasa eta gazteen emantzipazioa sustatzeko.

Lehendakariak azpimarratu dituen lau proposamen nagusiak hauexek dira:

-200 euroko laguntza zuzena hilean ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte, 100.000 eurorainoko diru-sarrerak dituzten familientzat.

-Gazteentzako epe luzeko mailegu subsidiatu edo interesik gabeko eta itzulketako programak, ekintzailetza, prestakuntza edo etxebizitza-proiektuetarako.

-Doakotasuna bermatzea 0-2 urteko etapan, Haurreskolen Partzuergoa indartuz.

-Arauetan, estrategietan, planetan edo inbertsio-programetan ikuspegi demografikoa txertatzea.

"Neurri horiei alokairurako laguntzak gehitu behar zaizkie, 275 eurorainokoak hiletan, Gaztelagun programaren bidez. Etxebizitza, formakuntza eta ekintzaletzarako  maileguak; Haurreskola zerbitzuen doakotasuna 0-2 urteko etapan; eta kontziliazioa indartzeko neurriak baita ere", nabarmendu du.

3 urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako diru laguntzak gauzatuz gero, "bi seme-alaba dituen familia batek, hiru urte dituzten arte, 6.900 euro jaso ditzake zuzeneko laguntza eta kenkari fiskalen bidez. Horrekin batera, etxebizitzaren alokairurako laguntzak, haurtzaindegiaren doakotasuna eta kontziliaziorako laguntzak ere jaso ditzake". Gainera, diru-sarrera baxuak dituzten familien kasuan, bateragarria litzateke DSBE laguntzarekin.

"Apustua laguntza-sistema iraunkor eta jasangarria bultzatzea da, baldintza egokiak sortuko dituena, emantzipaziorako zein familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzaten, baldintzen falta atzerapenik eragin gabe», nabarmendu du lehendakariak.

Hain zuzen ere, EAEko herritarrak 30,2 urterekin emantzipatzen dira, "Europako batez bestekoan, 25,9 urte, baino lau urte beranduago".

Azkenik, "Herri Plan gisa Legebiltzarreko aportazioekin artikulatzeko" asmoa erakutsi du Urkulluk. "Estrategia bat, begirada 2030ean jarrita". 

"18 urtera zabaldu beharko lirateke"

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari erantzun dio, proposamena entzun eta gero, eta, esan duenez, "politika natalistek porrot egin dute, ez dira egokiak aurrean daukagun erronkari aurre egiteko".

200 euroko diru-laguntzaren proposamena dela eta, "ez dago gaizki, zehaztasun gabeko jarrera batetik" UNICEFek planteatutako ildoak betetzeko urratsak eman izana, esan du Kortajarenak. Halere,  nahiz eta "lehen aurrerapauso bat izan, 18 urtera zabaldu beharko lirateke", zenbait erakundek gomendatzen dutenez.

"Ezustean harrapatu du"

Laura Garrido Alderdi Popularraren kidearen esanetan, Exekutibo hau "ezustean harrapatu du gai honek". EH Bilduk 200 euroko diru laguntzaren proposamenaren inguruan esandakoaren ildotik, Garridoren iritzian "aurrerapausoa da 200 euroko laguntza iragartzea, eta bateragarria izatea gainerako laguntzekin, baina ez da nahikoa, anbizio handiagoa izan behar dugu. Aukerak egon, badaude, datu ekonomikoen eta aldundien diru-bilketa datuen errealitatea" aintzat hartuta.

"Herri akordioa lortu behar dugu"

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramalearen arabera, "nahiko genuke gaur herri hitzarmena lortzea, eta horrek aipatutako arazoen aurrean analisi partekatua egin ahal izatea, begirada feminista batetik. Horrek ahalbidetuko luke zerbitzu eta prestazio konkretuetan, eta neurri fiskal konkretuetan gauzatzea neurriak, azken batean, familia, segurtasun espazio bat izan dezan".

"Joerari buelta ematea lortu behar dugu"

Gloria Sanchez PSE-EEko kidearen hitzetan, "ezinbestekoa da ahalik eta akordio zabalena lortzea, jaiotze-tasaren joerari buelta ematea lortu behar dugu, 2030rako % 15 igoera lortuta. Landa eremuan, despopulatzeari eta zahartzeari erantzun behar diogu".

"Neurri ausartak"

Joseba Diez EAJren bozeramaleak ere lehendakariak aurkeztutako proposamen zehatzak izan ditu hizpide. Diezen esanetan, "neurri ausartak dira, eta espero dugu esateko moduan egotea neurri egokiak izan direla, baina hori ezingo dugu esan bihar, ezta sei hilabete barru ere, neurri demografikoen eragina ikusteko pazientzia eta baretasuna behar da eta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak