Politika -
Adierazpen askatasuna
Valtonyc Espainiaratzea baztertu du hirugarrenez Belgikako justiziak
Beste epaile batzuekin osatutako epaimahaiak Ganteko Apelazio Auzitegiak abenduan hartutako erabakia berretsi du. Abeslariaren letrak delitu ez direla eta adierazpen askatasunaren baitan zilegi direla ebatzi du Auzitegiak.
Agentziak | EITB MEDIA
Ganteko (Belgika) Apelazio Auzitegiak Josep Miquel Arenas Valtonyc rap abeslaria Espainiaren esku uzteari uko egin dio gaur, Gonzalo Boye horren abokatuak iragarri duenez.
Iazko abenduan ere estradizioaren kontra azaldu zen Auzitegia, baina Belgikako Fiskaltzak —Espainiaren interesak defendatzen ditu— helegitea aurkeztu zuen, eta auzia errepikatzeko agindu Kasazio Auzitegiak. Oraingo honetan koroa iraintzea barik, "ohiko" irainak egin ote zituen aztertzea eskatu zuen. Aldaketa gorabehera, justiziak atzera bota du beste behin.
Epaia ez da irmoa eta Belgikako Kasazio Auzitegiaren aurrean helegitea aurkez daiteke. Fiskaltzak 24 ordu ditu zirt ala zart egiteko: helegitea aurkeztu edo kasua behin betiko itxi.
Simon Bekaert Boyeren taldeko abokatuak "garaipena" ospatu du Twitterren.
"Beti defendatu du adierazpen askatasuna", esan du Valtonycek
"Egun gogorra zen gaurkoa, ez genekielako zer gerta zitekeen. Oinarrizko eskubideak jokoan zeudelako etortzea erabaki nuen, eta azkenean halaxe izan da. Ahal izan dudan beste defenditu dut adierazpen askatasuna, 18 urte ditudanetik, dena hasi zenean. Bizitzen hasteko gogoa daukat", aitortu du negarrari eusten.
"Espainiako Estatuan askok pairatu dute, eta bada garaia egiteari uzteko aldarrikatzekoa. Bada garaia militantzia politikoa egiten jarraitzearena, baita bizitzen hastekoa ere", nabarmendu du.
Auzitegi Nazionalak hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Mallorcako musikariari bere letretan mehatxuak egin, terrorismoa goratu eta Koroa iraintzen zuela argudiatuta. Zigorra adierazpen askatasunaren kontrakoa zela ulertuta, Belgikara ihes egin zuen Valtonycek, eta ordudanik hura Espainiaratzeko ahaleginetan dago justizia espainiarra. Hirugarrenez jaso du Belgikaren ezetza.