Politika -
ESTATU EREDUA EZBAIAN
Ia 82.000 pertsonak hartu dute parte "monarkia edo errepublika" herri-galdeketan, Estatuan
Larunbatean egin zen "Estatu mailako Monarkia ala Errepublika herri-kontsultaren Plataforma" mugimenduak deitutako galdeketa. Katalunian, Nafarroan eta Andaluzian izan zen partehartzerik handiena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Estatu mailako Monarkia ala Errepublika herri-kontsultaren Plataforma"k deituta, ia 82.000 pertsona hurbildu ziren atzo gai honen inguruko boza ematera, Estatu osoan jarritako hautes-mahaietara eta gehiengoak errepublika babestu zuen ( % 93,25).
Gaur zabaldutako datuen arabera, 724 mahai jarri ziren eta 81.617 pertsonak eman zuten botoa: 76.106k errepublikaren alde, 4.731k monarkiaren alde eta 780k boto zuria edo baliogabea eman zuten.
Hainbat alderdi politikok babestu zuten kontsulta, hala nola Podemosek, IUk, PCEk eta antikapitalistek, eta Vox eta PP aurka agertu ziren. Azken horiek idatziak aurkeztu zituzten hainbat udaletan, kontsulta galarazteko eskatuz.
Alderdi politikoetako eta erakundeetako zenbait ordezkarik ere parte hartu zuten galdeketan, tartean Ada Colau Bartzelonako alkateak.
Parte-hartze handiena izan zuten erkidegoak Katalunia (15.599 pertsonak eman zuten botoa), Nafarroa (13.437), Andaluzia (12.889 ) eta Madril (9.979) izan ziren.
Kontsultaren antolatzaileak oso pozik agertu dira "parte-hartze demokratikoko eta herri-adierazpen askeko jardunaldi garrantzitsua" egin ahal izan zelako eta normaltasunez eta gorabehera garrantzitsurik gabe joan zelako.
Hala ere, zenbait lekutan kontsulta galarazten saiatu zirela salatu dute, Alacanteko Gobernuaren Ordezkariordetza Probintziala eta Martorell, Hospitalet de Llobregat eta Salouko udal-gobernuak aipatuz, baita Murtziako Los Alcazares udalerria ere, non "talde faxista batek" bozketa-mahai batean bozkatzea galarazi zuen, plataforma horren arabera.
Bestalde, Gizarte Politikako Institutua erakunde ultraeskuindarrak salaketa bat aurkeztu du gaur Majadahondako (Madril) guardiako epaitegian, Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren eta hiriburuko alkatearen aurka, kontsulta hori egitea "onartzeagatik".