Politika -

PRESOAK

Atristaini moduan, inkomunikazioa ezarri zitzaien presoak kaleratzerako eskatu du Sortuk

Arkaitz Rodriguez alderdiko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaiaren ondotik, "ofizioz" dagokio Estatuari jurisprudentzia hori aplikatzea eta "espetxean diren hamarnaka Xabier Atristain horiek" libre uztea.

Rodriguez, atzean Reizabal eta Atristain dituela, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Rodriguez, atzean Reizabal eta Atristain dituela, prentsaurrekoan.
Rodriguez, atzean Reizabal eta Atristain dituela, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Atristain ETAko presoaren auzian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eman berri duen epaiaren balorazioa egin du Sortuk, Zigor Reizabal presoaren abokatua eta Atristain bera ondoan zituela. Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako Gobernua zigortu zuen, Atristaini bidezko epaiketa izateko eskubidea eta abokatua aukeratzeko eskubideak urratzeagatik, eta Estatutako Abokatutzak epai horri jarritako helegitea baztertuta, epaia irmoa dela eta jurisprudentzia ezarri duela argudiatuta, preso horren egoera berean dauden gainerakoak aske uzteko eskatu du Sortuk.

Donostian egin duten agerraldi batean, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak azpimarratu du Estatuak "ofizioz" jardun behar duela eta ez dela Europako auzitegiaren beste epai batzuen zain egon behar. Argitu duenez, Atristainen egoera berean "hamarnaka" pertsona daude preso.

"Gobernua behartuta dago, bere ardura da, bere erantzukizuna, eta ofizioz jardun behar du. Ez litzateke inondik inora onargarria, justua eta arrazoizkoa Estatuak behartzea une honetan espetxean diren hamarnaka Xabier Aristrain horiek banan-banan Europara jo behar izatera justizia bila", salatu du.

Azaldu duenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak ebatzi zuen Astristaini ezarri zioten inkomunikazio garaiak gutxienez bi oinarrizko eskubide urratu zituela: "Defensa eskubidea eta epaiketa justu eta parekide bat izateko eskubidea". Arrazoitu duenez, "defentsarik ez badago, ezin da zigorrik izan, eta zigorra egotekotan, epai hori ez da bidezkoa eta, hortaz, baliogabe jo behar dute". Hala, salatu du orain Estrasburgok oinarrizko eskubideen kontrakoa den garai hori "sistematikoki eta modu orokorrean aplikatu da herri honen kontra".

Sortuko buruzagiak iragarri du "politikoki zein juridikoki borrokatu" egingo duela alderdiak "justua" hori delako; "oinarrizko eskbuideen urraketaz ari gara", ohartarazi du.

Rodriguezen ahotan, Atristain auziaren inguruko epaia "aukera bat da euskal euskal preso politikoen auziari konponbide justu, arrazoizko eta legala emateko, eta aukera bat da egiteke dagoen demokratizazio horretarako".

Sortuk uste du Espainiako Gobernuak "aukera" baliatu beharko lukeela "40 urte hauetan egin ez dena egiteko, eta aurreko erregimenarekin benetan hausteko", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sortu Espainiako Gobernua argazkiak Presoak bideoak ETA gaur Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur