Politika -
GERNIKA
Gernikako bonbardaketa gaitzesteko mozioa onartu du Senatuak
Adostutako testua EAJk Senatuan aurkeztutako jatorrizko mozioaren ordezko testua da; aurrekoan, jeltzaleek Gernikako bonbardaketagatik barkamena eskatzeko exijitzen zioten Espainiako Gobernuari. Atzo beste testu bat adostu zuten, bonbardaketa gaitzetsi arren Gobernuaren ardura jasotzen ez duena.
EITB MEDIA
Senatuak Gernikako 1937ko bonbardaketa gaitzesten duen mozioa onartu du asteazken honetan. Mozioaren bi puntuetatik lehenak, Gobernuari eskatzen dio onar dezala matxinatutako armadak eta ondorengo Gobernu frankistak 1937ko apirilaren 26an biztanleria zibilaren aurkako aire-eraso guztien sinbolo den Gernikako bonbardaketak eragindako eraso, kalte eta sufrimenduan izandako erantzukizuna.
Bigarren puntuan, Espainiako Senatuak gaitzetsi egiten du matxinatu frankistek eta haien aliatuek Gernika bonbardatu izana hiriko herritarren, Espainiako II. Errepublikako Gobernu legitimoaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurka. Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen dio memoria demokratikoko ekintzen esparruan, bizikidetzaren eta askatasunaren alde, Gernika hiribilduari eta bertako biztanleei eragindako sufrimendua gogorarazteko ekintza esplizitu bat egin dezala, erreparazioari laguntzeko.
Mozioa EAJ, PSOE, EH Bildu, Kataluniako eta ezkerreko alderdien aldeko 144 botorekin onartu da; PPko eta Voxeko senatarien kontrako 103 jaso ditu, eta abstentzio bat.
EAJk aurkeztutako hasierako testuan barkamena eskatzeko exijitzen zion Espainiako Gobernuari. Sozialistekin negoziatu ondoren, ordea, erdibideko zuzenketa bat adostu dute, eta, barkamena eskatu beharrean, erreparazio ekitaldia egingo du Espainiako Gobernuak.
PSOEk ez du Gernikako bonbardaketaren gaineko barkamena eskatzeko exijentzia onartu, beraiek ere biktimen oinordekoak direla argudiatuta.
EAJk pauso positibotzat jo du aurten lehen aldiz Espainiako Gobernuaren ordezkaritza batek Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldian parte hartu izana, baina gehiago behar dela adierazi du Estefania Beltran de Heredia jeltzaleen Senatuko bozeramaileak.