Politika -
Pablo Gonzalez
Pablo Gonzalez kazetariaren egoera "legezkotasun orotik kanpo" dagoela salatu dute Nafarroako Parlamentuan
Oihana Goiriena emazteak eta Gonzalo Boye abokatuak Poloniako Estatuaren aldetik "inolako akusazio frogarik ez" dutela jaso azpimarratu dute, eta Espainiako Gobernuak "Pablori oinarrizko eskubideak berrezartzeko ahalegin handirik ez" duela egin deitoratu dute.
Agentziak | EITB Media
Gonzalo Boyek, Pablo Gonzalezen abokatuak, eta Oihana Goiriena kazetariaren emazteak agerraldia egin dute Nafarroako Parlamentuan, eta salatu dute, Polonian ustezko espioitza egotzita atxilotu zutenetik ia hiru hilabete igaro direnean, ez daukatela informaziorik.
PSNk, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak eskatu dute euskal kazetariaren atxiloketaren eta inkomunikazioaren inguruko informazioa eskuratzeko agerraldia; Navarra Suma ez da bertaratu.
Gonzalo Boye kezkatuta agertu da "Pabloren egoeragatik, ia hiru hilabeteko atxiloketaren eta inkomunikazio praktikoaren ondoren"; izan ere, "ez bere emazteak, ez nik ezin izan dugu berarekin hitz egin, ezta bisitatu ere".
Abokatuaren hitzetan, "hasiera batean azaldu ziguten espioitza leporatzen ziotela eta Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotu zutela", baina Poloniak ez du atxiloketaren arrazoiei buruzko froga bakar bat ere aurkeztu, horren arabera: "Karpetak atera eta dokumentazioa erakutsi nahiko nizueke, baina ezin dugu, ez daukagulako".
Gogorarazi duenez, bi aste barru beteko dira hasiera batean ezarritako behin-behineko espetxealdiaren hiru hilabeteak, eta oraindik ez dakite luzatu egingo dioten ala ez. "Oraindik ez dakigu akusazioaren edukia zein den, ezta zergatik ezin duen Pablok berak izendatutako abokatu batekin hitz egin, ez eta zein den bere familiak berarekin zuzenean komunikatu ezin izateko legezko arrazoia ere. Ezin du ez gutunik, ez deirik, ez bisitarik jaso", esan du. "Zergatik ezin du inork Pablo ikusi? Hori da galdera".
Boyeren esanetan, "Espainiako kontsula saiatu da gauzak egiten, eta asko eskertzen diogu, baina, ez dirudi Espainiako gainerako agintariak Pabloren egoeraz oso kezkaturik daudenik; ez dute behintzat ahalegin handirik egin Pabloren oinarrizko eskubide batzuk bermatzeko, hasteko eta behin, errugabetasun-presuntzioarena". "Espainiako agintariek Poloniakoei eskatu behar zieten bermatu dezatela familiak eta hark aukeratutako abokatuak gutxieneko komunikazio bat eduki ahal izatea", erantsi du.
Horren iritzian, "hiru hilabeteko inkomunikazioa basakeria da, erabil daitekeelako, eta zalantzarik ez dut Poloniako agintarien asmoa dela, Pablo Gonzalezen borondatea aldatzen saiatzeko", azpimarratu du.
Hala ere, "hemen ez dute errespetatu Europako arau bakar bat espetxean dauden pertsonak tratatzeko oinarrizko eskubideen arloan, ez dute errespetatu prozesuak bermea izan dezan errespetatu behar diren oinarrizko eskubideen gutuneko arau bat bera ere".
Bestalde, Oihana Goirienak honakoa adierazi du: "Ia hiru hilabete daramatzat nire senarrarekin hitz egin gabe, eta berak ia hiru hilabete daramatza emaztearekin eta seme-alabekin hitz egin gabe. Ezin dugu berarekin hitz egin, badakigu ez dizkiotela gure gutunak helarazten, inkomunikazioa ia erabatekoa da eta horrek bere egoera moral eta animikoan eragin diezaiokeela uste dut, eta ez zait oso bidezkoa iruditzen".
Espainiako kontsula "daukagun informazio-bide bakarra da, zeharkakoa bada ere, haren bidez helarazten dizkiot mezuak, baina bi aldiz bakarrik bisitatu du, eta bi aldiz baino ez du izan gure berri", azaldu du "Oso gutxi dakigu berari buruz; osasunez ondo dagoela, animoz ondo dagoela eta indartsu dagoela, ahal duen neurrian, besterik ez. Ezin digute, antza, ezer gehiago esan, eta hori oso gogorra da", gaineratu du.
Taldeen elkartasuna
Taldeek parte hartzeko txandan, Inma Jurio PSNko bozeramaileak esan du Pablo Gonzalezen abokatuak eta emazteak adierazten duten "kezka" denek partekatzen dutela, baina, kasuari buruzko informazio gehiago izan gabe, "ezer gutxi gehiago" egin dezaketela, egoera ahalik eta lasterren konpontzeko nahia adierazteaz haratago. Jurioren hitzetan, "Espainiako Estatuak, bide diplomatikoen bidez, egin beharreko jarduerak egin ditu, eta askotan bide diplomatikoek hain publikoak ez diren moduan jardun dezakete". "Ez dut uste ezer lagunduko dugunik alegatu politiko hutsak eginez eta beste herrialde batzuetan gerta daitezkeen egoera jakin batzuk ezagutu gabe kritikatuz", nabarmendu du.
Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak elkartasuna adierazi dio Pablo Gonzalezen emazteari, eta salatu du orain arte Poloniak ez duela "atxiloketa justifikatzen duen frogarik aurkeztu". Gainera, Espainiako agintarien "jarrera epelegia" dela azpimarratu du. "Espainia ezin da eredu izan kalitate demokratikoan; izan ere, hemen ere egunkariak itxi ziren, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamar aldiz zigortu du Espainia hainbat arrazoirengatik", argudiatu du.
Podemosen aldetik, Ainhoa Aznarezek esan du Pablo Gonzalezi "kazetari gisa eta Europar Batasuneko herritar gisa dituen eskubideak modu larrian urratzen" ari zaizkiola. Gaineratu du "erabateko babesgabetasun egoera" dela, eta ez direla betetzen ari "prentsa askatasunaren inguruko Europar Batasuneko estandarrak". Horren ostean, Espainiako Gobernuari eskatu dio "Pabloren askatasunaren aldeko lanean modu serioan inplikatzeko".
Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak "elkartasun eta babes osoa" agertu die Pablo Gonzalezen senide eta lagunei. "Bidegabekeria izugarria" dela esan du, "Polonia nazioarteko legediaren gainetik pasatzen ari baita". Salatu duenez, "pertsona bat legez kanpo atxilotu dute eta legez kanpo dute inkomunikatuta. Nola azal daiteke bere familiak eta defentsak pertsona horrekin komunikatzeko aukerarik ez izatea, akusazioaren frogarik ere ez badago oraindik?", planteatu du.
Azkenik, Jabi Arakama Geroa Baiko bozeramaileak adierazi duenez, Pablo Gonzalez "baldintza oso gogorrak pairatzen ari da, inork pairatu beharko ez lituzkeenak, eta are gutxiago agintariek atxiloketa horren arrazoiaren frogarik aurkeztu gabe. Arrgi dago atxilotuaren giza eskubideak urratzen ari direla".